Andoni ARABAOLAZA
Elkarrizketa
Josema URRESTARAZU
ESKALATZAILEA

«»Akelarre» bideak fisikoki eta psikologikoki erabat hustu nau»

Pasa den abuztuaren 31an, Altsasuko eskalatzaileak bere lehenbiziko 9a zailtasuneko bidea kateatu zuen: «Akelarre» (Ilarduia). Iker Pouk ekipatutako marraren hirugarren igoera sinatu du; Pou beraren eta Dani Andradaren atzetik. Maratoi izaerako xede hori asko kosta egin zaiola onartu du; alabaina, Urrestarazu ezagututa, argi dugu ekinaldi guztiekin gozatu duela. Finean, oso burugogorra da.

Josema Urrestarazu goi mailako eskalatzailea da, baina ez da batere mediatikoa. Agian, horregatik elkarrizketa proposatzerako orduan zalantza batzuk izan zituen. Baina, jakina, mamu horiek gainetik kendu eta, hurrengo lerrootan ikusten den bezala, poltsikoratu duen bere azken helburuari buruz (hots, «Akelarre» bidean eginiko lanari buruz) GARAri luze eta zabal hitz egin dio.

«Akelarre» egin aurretik, 8c batzuk patrikan zenituen. Nola otu zitzaizun 9a garduko proposamena duen bide bati ematea? Beste era batera esanda, 9a-ren bila joan zara?

Ez, lehenengo bi luzeak kateatu ondoren, hirugarrena probatzen hasi nintzen kuriositate moduan. Marra izugarria iruditu zitzaidan: hau dela eta Iker Pouri eskerrak eman nahi nizkioke bidea ekipatzen egindako lanagatik. Benetan goraipatzekoa da; beraz, mila esker, Iker.

Bidea oso luzea da, pareta guztia zeharkatzen du, goian kristoren giroa dago eta hor eskalatzeak erronka ikaragarria iruditu zitzaidan. Bai Iker eta momentu horretan probatzen ari zen Mikel Ziarrustak animatu ninduten bidean saiatzeko; beraz, egindako lanaren zati bat ere Mikeli eskaini nahi nioke.

Zu Altsasukoa zara, eta, beraz, Ilarduia etxetik oso gertu duzu. Askotan hara joaten zara eskalatzera. Zer du zuretzat leku horrek?

Leku polita, lasaia, bide onak eta baldintza egokiak.

Bide onak, itzala, aldapa gogorra... eta mugimendu handia, batez ere muturreko graduan dabiltzan eskalatzaile mediatiko asko eta asko azkenaldian ikusi dugun bezala. Giro horretan eroso sentitzen zara? Nola bizi duzu hango mugimendua?

Marra erakargarri bat aurkitu ondoren, nire lana egiten saiatzen naiz, eta hor jartzen ditut nire indar guztiak beste kontuetan sartu gabe. Goizetan joaten nintzen lasaitasunaren bila, kontzentrazio altua behar nuelako lasai eta gustura eskalatzeko; besteak beste, bide honek nire ehuneko ehuna eskatzen zidalako. Saio on bat eman ondoren erabat hustuta gelditzen nintzen, ezin nuen gehiago eskalatu eta arratsaldean bizikletan ibiltzera edo mendira korrika egitera joaten nintzen.

Hau guztia aipatzen ari garela, harritzen nau «Celedon» bezalako modako bide bati ez ematea eta bai «Akelarre» bideari. Zergatik hori?

Bide berri bati pasuak atera eta bidean poliki-poliki aurrera egiteak motibatzen nau. Ez zait gustatzen jende asko probatzen dagoen bide bati ematea, urduri jartzen nauelako eta asko itxaroten behar delako. Askotan Ander Lasagabasterrek eta Ignacio Mulerok animatzen ninduten beraiekin probatzeko, eta benetan eskertzekoa da, baina, jada nire proiektuan oso sartuta nengoenez, gogor ekin nahi nion lortu arte.

Nahiago duzu zu zure kabuz ibiltzea, hots, zuk zeuk bidearen sekuentziak eta mugimendu guztiak ateratzen saiatzea?

Beno, beti horrela eskalatu dut, nahiz eta askotan flasheoak ere eskertzen diren edo-eta pausuak atera beste lagunekin ere oso aberasgarria izan.

Zer da «Akelarre»tik gehien erakarri zaituena?

Marra eta batez ere lurretik 60 metrora eskalatzea. Oso-oso psikologikoa izan da, «Akelarre» bidearekin gertatu zaidana ez zait beste bide batzuetan gertatu; fisiko eta pisologikoki erabat hustu nau.

Berez, oso luzea da. Zure ezaugarrietarako aproposa da?

Beno, ez dakit aproposa den edo ez, baina esan behar dut dena eman dudala.

Duela bi urte probatzen hasi zinen, baina gero min hartuta egon zinen. Orokorrean, zer-nolako prozesua izan duzu bide horretan?

Bai, orain dela bi denboraldi probatu nuen, poliki-poliki pausu guztiak atera nizkion, baina negua iritsi zen eta hurrengo denboraldirako utzi behar izan nuen. Orduan, lesio batek (atzamar baten lotailuan) jokoz kanpo utzi ninduen denboraldi horretarako.

Aurten berriz ematea erabaki nuen lan asko aurreratua bainuen. Udaberrian Antonio Akerreta eta biok hara joaten hasi ginen, eta norbera bere proiektuan buru belarri sartu zen.

Bide horretan fisikoa baino gehiago aspektu psikologikoa gogorragoa izan da zuretzat? Batez ere kontuan hartuta bidearen giltza goian dagoela.

Bai, psikologikoki gogorra izan da, eskalatzen denbora asko ematen duzu; ordu eta ordu eta erdian buruari buelta asko ematen dizkiozu. Askotan goian erortzen nintzen oina irristatu eta gero: batzuetan bat eta beste batzuetan bestea. Goikoak oso oin txarrak dira eta horrek behatzetan indar gehiago egitera behartzen zaituenez, oso mugimendu gutxitan nekatzen nintzen. Horregatik atsedenak oso ondo aprobetxatu behar dira, asko ez dira erosoak eta hor egotea luze egiten da; noiz atera erabakitzeak zaila egiten zitzaidan.

Katera iristen lau aldiz erori nintzen oinak labaindu eta gero. Egun horietan etxera joan nintzen pentsatzen ea horraino igotzeko kapaz izango ote nintzen. Hori dela eta, hurrengo saioa beldurrez ematen diozu, ea oinak non irristatuko diren pentsatuz.

Zer katu-oinak eraman ez irristatzeko ere buruhauste galantak sortu zizkidan, baina horretan Patxi Usobiagari eskerrak eman behar dizkiot, azkenean berak aholkatutakoak izan baitziren egokienak. Eta eskerrak ere eman nahi dizkiot Peio Peñasi katu-oinen zola aldatu behar denean egiten duen arretagatik.

Bidearen lehen bi luzeek nahiko eroria dute, eta zaila da bidearen giltzara (azken luzea bertilala eta gero etzana) «fresko» iristea. Kateatu zenuen eguna, nolakoa izan zen?

Egia esanda, lehenengo bi luzeak ez nituen oso ondo eskalatu, baina nahiko azkar egin nituen. Goiko atseden lekuan denbora dezente egon nintzen, eta hori klabea izan zen. Azkeneko atsedenera oso justu sartu nintzen, baina hor 16 minutu besoak lasaitzen egon ondoren katera heldu nintzen. Guztira ia 2 ordu eman nituen!

Zu plaketan espezialista izanda, non gozatu duzu gehiago: bidearen desplomean edo goiko plaka etzanean?

Dudarik gabe hirugarren luzean. Gorroto-amodiozko harremana izan dut bidearen luze horrekin.

Iker Pouren eta Dani Andradaren ondoren zuk hurrengo igoera egin duzu. Izen horiek ikusita, zer-nolako garrantzia ematen diozu zure kateatzeari?

Egindako lanaren ondorioz erronka gogor bati bukaera on bat ematearen poztasuna besterik ez.

Pouk 9a bezala proposatu zuen. Ondo iruditzen zaizu?

Gradu horretako biderik ez nuen, eta beti bidea ireki duen pertsonaren irizpidea errespetatzen dut, nik ez baitut esperientzia nahikorik zailtasun horretan.

Esan dezakedan bakarra da asko kostatu zaidala eta nire onena eman behar izan dudala.

Zure lehen 9a egin duzu. Ze garrantzia du kirol eskaladako zure ibilbidean?

Beno, gradua baino gehiago lehen aipatu dizudana: erronka gogor eta polit baten amaiera izan da. Asko bete nauen proiektua izan da, eta egin arte motibazioa, ilusioa eta gogoak eskalatzeko, entrenatzeko eta lanean jarraitzeko eman dit.

Hau da, kateatzeko behar izan dudan prozesuari ematen diot garrantzia eta denbora horretan eskalatu dudan pertsonekin bizitako pasadizoak. Erronka baten menpe egoteak bizirik mantentzen nau.

9a hau 45 urterekin iritsi zaizu. Egungo nerabeek eta gazteek egiten dutena ikusita, zure lorpenak plus bat gehiago izango du zuretzat, ezta? Zure sasoi hori hain indartsua ikusteak ez al zaitu harritzen?

Sasoiarena: ilusio bat izatearen ondorioa besterik ez da, beti saiatzen naiz egiten ditudan gauzetan helburuak bilatzen ilusioa mantentzeko. Horretaz gain, xede horiek lortzeko inguruan ditudan giza harremanei garrantzi handia ematen diet, horrek guztiak erronketan indar gehiagorekin murgiltzen laguntzen nau.

Baduzu muturreko zailtasunean beste planik?

Momentuz lasaiago eskalatu eta udazkenean beste eskola batzuetara joateko asmoa dut bistaz eskalatzera. Gero neguarekin batera Etxauriko denboraldia dator, eta hor, nola ez, Ekaitz Maizek aholkatutako «Amaiur» bidea probatzen hasiko naiz; ez dakit gai izango naizen katera iristeko, baina hor ibiliko gara gladiatore baten moduan.

Eta bukatzeko, eskertu nahi nituzke ni aseguratzen pazientzia handia izan duten Antonio Akerreta, Jipi Diplomatikoa eta batez ere Xagutxoa. Mila esker guztiei.