Elgart eta Bilbao faborito direla jokatuko da bigarren jardunaldia
Elgart eta Bilbao faborito direla jokatuko da gaur Donibane Garaziko Garat trinketean Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako bigarren jardunaldia, 16.00etan hasita.
Elgart eta Jeannots izango dira lehen partida jokatuko duten pilotariak. Azken hau oso neurketa gutxi jokatuta heltzen da txapelketa honetara, eta dirua oso nabarmen aterako da Elgarten alde. Landetakoak gaur irabaztea sekulako ezustea izango litzateke. Garaipena lortzen duen pilotariak datorren astelehenean Donibane Garazin bertan Lamouren aurka jokatu beharko du.
Bilbaoren eta Etxeberriren arteko partida izango da ondorengoa. Nahiz eta Bilbaorentzat lehen txapelketa izan hau, hilabete gutxi baita berezkoetara pasatu zela, bera aterako da faborito. Azkeneko erreferentziatzat amaitu berri den Superprestijioa hartzen da, eta han finala jokatzetik oso gertu ibili zen. Finalerdietan ia Ezkurra menderatuta zuen, puntu batez galdu baitzuen. Hala ere, Etxeberrik eskarmentu handiagoa dauka, eta oso maila oneko pilotaria da, nahiz eta nerbioek ez dioten inoiz duen guztia erakusten uzten. Irabazlea Intxausperen aurka arituko da datorren astean.