Altuna, ordezko titularra
Xalak eta Merino II.ak aste honetan ere ez dute jokatuko eta amezketarrak bere seigarren partida izango du.
Abenduaren 15ean, bere telefonoak hurrengo egunean Erriberrin egon behar zuela abisatzeko jo ez zuenean, ezin uka Jokin Altunak dezepzio txiki bat izan zuela. Bazituen bai, Binakako txapelketa nagusian izateko esperantzak, baina enpresak Julen Retegiren aldeko apustua egin zuen eta aukera berrien zain geratu behar izan zuen amezketarrak. Eta aukerak uste baino lehenago eta ugariago heldu zaizkio aurrelari gazteari. Pentsa, orain arte titular izan direnek adina jokatu ditu eta asteburu honetan ere, Miguel Merinorekin batera jokatuko du Logroñon, Xala eta David Merino aste honetan ere ez daudelako kantxara irteteko moduan.
Lapurtarraren kasuan, osatu zaio aurreko astean jokatzen utzi ez zion hatza, baina oso hurbileko etxeko baten osasun egoera larriak asteburu honetan ere frontoietatik kanpo izango du. Villar de Torreko atzelariari, berriz, eskuineko eskua osatu zaionean, asteartean egindako entrenamendu batean ezkerra izorratu zaio. Atzoko material aukeraketan proba bat egin zuen, baina pilota atzetik jo behar duenean min handia du eta, hirugarren astez jarraian, bere lekua anaiari utzi beharrean izan da.
Asteburuan jokatuko ote duen azken unera arte ez jakiteak asteko entrenamenduak antolatzerako orduan zailtasunak eragiten dizkion arren, amezketarra gustura da orain arte egiten ari den Binakakoarekin. «Aurrena pena hartu nuen ez sartzeagatik baina gero aukerak heldu dira eta nahiko maila ona ematen ari gara. Irabazi edo galdu, nire helburua horixe da, ahalik eta partidarik onenak jokatu eta ari garen bezala jarraitzea», azaldu zuen Euskadi Irratian emandako elkarrizketan.
Are gehiago, ordezko gisan aritu behar horrek, nolabait ere, inolako presiorik gabe aritzeko aukera eskaintzen omen dio. «Nik uste orain presiorik gabe ari naizela, txapelketa hasi aurretik presioarekin jokatzen nuen, sartuko ote nintzen zalantzan eta sartzeko moduan nengoela erakutsi nahian. Orain presio hori galdu dut eta partida guztietara nire maila ematera irteten naiz eta horrela askoz hobeto nabil», azaldu zuen.
Ausart
Larunbat honetan, Logroñoko Adarragan ere, galtzeko ezer askorik ez dutela irtengo dira jokatzera, teorian aurkariak -Olaizola II eta Beroiz- baino gutxiago baitira. «Argi dagoena da beraiek direla faborito garbiak, badakigu normalean partida aterako dutela, baina gu ezin gara kantxaratu airean galduko dugula pentsatuz, horrela sartuz gero, ikaragarrizko zartakoa jasotzen duzu eta. Gu gure lana egitera irtengo gara».
Ez hori bakarrik, iragan larunbatetan bere ohiko maila berreskuratu zuen Aimar Olaizolaren aurka jokatzeak ere ez du inondik inora kikiltzen Jokin Altuna. «Aimarri aurrean jokatu behar diot, berari eraso ezean ezinezkoa da guk irabaztea. Beroiz badakigu ez dugula botako, ez gara gu oso jotzaileak eta egin behar duguna da Aimarri airea kendu ahal dela, baina gero guk aireko jokoa daukagunean, jokatu eta errematea saiatu».
Aurreko astean bezala, goizuetarra ez zen atzoko material aukeraketan izan, masajistarenera joan zelako.
Premiak ez ugaritzeko lehia Hendaian
Pixkanaka txapelketa badoa aurrera eta bikote batzuen artean hasi dira premiak eta larrialdiak. Esaterako, gaur Hendaiako Daniel Ugarten elkarren aurka arituko diren Martinez de Irujo-Barriola eta Retegi Bi-Rezusta bikoek oso beharrezkoa dute hirugarren puntua batzea, sailkapenean aurretik dituztenekiko aldeak gehiegi handitzerik nahi ez badute.
Egungo txapeldunek ezin izan zuten aurreko asteburuan jokatu eskuko minen erruz, baina badirudi erabat osatu direla eta badute txapelketari neurria hartzeko garaia. Gaurkoa lehenengo partida izango du Iberoko aurrelariak Hendaian eta, printzipioz, bertako lur bizi eta azkarra nahiko ona da bere dohainetarako.
Beñat Rezustarentzat ere, berak ere ez zuen aurreko jardunaldian jokatzerik izan, gaur gauekoa izango da estreinako partida eta aipatutako pilotalekuaren izaera berezi horrek ematen dio kezkarik, pilotara behar bezala jartzeko astirik izango ote duen ez daki eta. Gainera, kontuan izan behar da ia esku bakarraz jokatzen duela bergararrak. Gipuzkoarrak badaki ere Barriola dominatzea beharrezkoa duela, defendatzea kostatzen den kantxa honetan. J.O.