Sachi Amma japoniarra 9b taldean sartu da «Fight or flight»-ekin
Otsailaren 1ean, eskalatzaile japoniarrak Chris Sharmak zabaldutako bidearen hirugarren errepikapena sinatu zuen. Olianako marra hori egiteko, Ammak lau bidaia eta 30 saio baino gehiago behar izan ditu.
Sachi Ammak argi asko utzi du eskaladako lehietan ondo baino hobeto moldatzen dela; hain zuzen ere, bera da Munduko Kopako irabazlea. Baina, era berean, argi utzi du arrokan ere ondo baino hobeto estutzen duela. Bere azken kateatze gogorrena «Fight or flight» bidea (9b) izan da.
Hilaren lehenbizikoan, eskalatzaile japoniarra Chris Sharmak zabaldutako marra horretaz jabetu zen. Eta, beraz, 9b taldean sartu da Amma; hots, gradu horretako bere lehenbiziko bidea izan da.
Nahiz eta japoniarra den, lerrootako protagonistak harreman berezia du Kataluniako eskalada eskolekin. Bidaia asko egin ditu, eta dagoeneko Oliana, Siurana, Santa Linya edo Margalef bezalako eremuak oso ondo ezagutzen ditu. Lasai asko baieztatu dezakegu, Ammak zailtasunean egin dituen bide gogorrenak eskola horietan poltsikoratu dituela. Adibide batzuk: «La Rambla» (9a+, Siurana), «Papichulo» eta «Pachamama» (biak ala biak 9a+, Oliana)...
Eta Oliana aipatu dugunez, japoniarra berriro han izan da, bere xede nagusia hango «Fight or flight» bidea zelako. Aurreratu dugu, Sharma izan zela bide hori zabaldu eta ekipatu zuena. Eta Sharma bera izan zen marraren lehen igoera sinatu zuena; hori 2011. urtean izan zen. Lau urte geroago, eskalatzaile japoniarrak hirugarren errepikapena egin du.
Lau igoera izan ditu, beraz, «Fight or flight» bideak. Horrek esan nahi du 9b zailtasuneko bideen artean errepikatuena dela. Gradu horretako beste bideek bi errepikapen baino ez dituzte izan.
30 saio baino gehiago
Japoniarrak Kataluniara eginiko laugarren bidaia urtarrilean hasi zen. Aipatu dugun xedea egin ahal izateko, jakina, sasoiko behar zuen bidaiatu. Eta sasoi puntu bikain hori segituan ikusi zitzaion. Urtarrilaren 29an, adibidez, japoniarraren bisitaren lehen 9a iritsi zen: «Seleccio natural left exit». Santa Linyan dagoen marra horretatik jaitsi bezain pronto, zera adierazi zuen: «Ondo baino hobeto hasi dut urtea. Lehen saioan poltsikoratu dut; iaz, beste bost ekinaldi egin nituen».
Otsailaren lehenbizikoan, berriz, «Fight or fligth» bidea egin zuen: «Ez dut sinisten; azkenean, erdietsi dut. Epe luzerako xede bat zen, eta lau bidaia eta 30 saio baino gehiago egin ondoren, borobiltzea lortu dut. Beraz, marra horretan denbora asko egin dut, eta ez dut inoiz ahaztuko egun hori. Bide hori probatzen asko aldatu naiz, eta gizabanako zein eskalatzaile bezala hazteko asko balio izan dit. Gainera, bide honetatik jaitsi bezain pronto, `Joe-cita'-n (9a) sartu eta kateatu egin nuen».
Amma iaz, urte amaieran, Santa Linyan zein Olianan izan zen, eta, oso gutxigatik bada ere, 9b graduko bere xedea ezin izan zuen borobildu: «Eguraldi baldintzak ez ziren batere aproposak. Gainera, etxera itzuli nintzen Eguberri festak senitartekoekin pasatzera».