Aurrera egiteko beharrezko puntua banatuko da Saran
Larralde eta Bilbao Bielleren eta Ezkurraren aurka neurtuko dira. Biak daude irabazteko premian, batez ere gazteak, azken emaitza txarra izan baitzuten.
Berezkoen Binakako Txapelketan Saran jokatuko da jardunaldia gaur, bai Lehen Mailan, baita Bigarren Mailan ere. Sekulako ikusmina piztu duten partidak izango dira.
Maila nagusian, Larralde eta Bilbao Bielleren eta Ezkurraren aurka lehiatuko dira. Norgehiagoka garrantzitsua da; izan ere, aurrera egiteko biek behar baitute puntua.
Larraldek eta Bilbaok bikain hasi zuten txapelketa. Buruz Buruko eder batetik zetozen biak, eta belaunaldi berri horretako bi kide ziren, baina pasa den astean, beste gazte batek, Ducassouk, bere lekuan jarri zituen, eta astindu handia hartu zuten. Emaitza oso txar hura konpondu nahian dabiltza orain.
Aurrean Bielle eta Ezkurra izango dituzte. Ezkurra ongi dabil, ez dauka lehen zuen joko hura, baina maila handia du. Halaber, eskarmentu ikaragarria dauka, eta orain dituen gabezia horiek konpontzen badaki. Aurrean, ordea, aldea egon daiteke, gaur egun Larralde Biellen gainetik baitago, eta hortik joan daiteke partida.
Aurretik Bigarren Mailako neurketa jokatuko da. Intxauspek eta Saldubeherek Agirreren eta Lazkanoren aurka jokatuko dute. Lehen bikoa da faboritoa, eta garaipena lortzen baldin badute, finalerdietan izateko txartela ere lortuko dute. 16.00etan hasiko da jaialdia.