Iñaki Santamarina Renteria
Medikuntza ikaslea
KOLABORAZIOA

Mitoak suntsituz: medikua, ona ala euskalduna?

Nik ez dut nahi euskaraz dakien mediku bat, medikuntzaz dakien bat baizik». Zenbat aldiz entzun ote dugu esaldi hau, horren tranpatia den esaldi hau. Badirudi baldintza biak betetzea ezinezkoa dela. Jakintza gehiegi izango dira pertsona bakarrarentzat agian, medikuntza eta euskara. Ezinezkoa zeharo.

Hainbat urtetan saldu digute aitzakia hau, gure osasun sistema euskalduntzeko beharra ikusten dugunoi ahoa itxi nahian. Nolabaiteko prestigio-kentze kanpaina baten gisa ulertzen dut nik, norbere osasuna arriskuan ikustearen beldurraz baliatu eta gizarteari mediku euskaldunen beharra dagoela zalantzan jartzeko. Hala ere, kanpaina hau ez da medikuetara soilik mugatzen, tamalez. Medikuntzako ikasle euskaldunok ere mespretxuzko erasoak jasan behar izaten ditugu oso maiz.

Medikuntza ikasketak euskaraz errazagoak direla egozten digute, besteak beste, gaztelerazko ikasle eta irakasle batzuek; gure prestakuntza medikoa kaxkarragoa dela hitz-erdika esanez eta gizarteari ere hori sinestaraziz. Nire zalantzak dauzkat salaketa hauek ezjakintasunak eragindakoak diren edo beste tankera bateko interesak dauden guztiaren atzean. Zalantzarik sortzen ez duena euskarazko medikuntza ikasketei ospe hau ematearen ondorioa da. Aztertzen hasiz gero, segituan konturatuko gara nolako kaltea sortzen ari garen osasun sistemaren euskalduntze prozesuari halako mitoak sinetsita. Eskolaratzea eta batxilergoa euskaraz egin dituzten ikasle asko eta askok medikuntzako matrikula gazteleraz egiten dute. Ondorioz, eskolan eta institutuan lortutako euskara maila galtzen dute eta mediku izatera iristean elkarrizketa bat euskaraz mantentzea ezinezko suertatzen zaie hainbati.

Euskaraz jakinda gazteleraz ikasteko hautua egiten duten ikasleek hainbat zalantza izaten dituzte matrikula egiterako orduan. Euskaraz ala gazteleraz ikastea aukeratu behar dutenean zenbait mitorekin topo egin eta azkenean erdaraz ikastea erabakitzen dute. Euskarazko irakasleak txarragoak direla entzuten da; ikas-materiala kaxkarra dela; prestakuntza gazteleraz hobea dela; ikasgai batzuk gazteleraz egin behar direnez, hasieratik dena gazteleraz egitea logikoagoa dela; MIR azterketa gazteleraz izanik, euskaraz ikasteak ikasleon emaitza akademikoa kaltetzen duela...

Egia da batzuetan euskaraz ikasteak zailtasun gehigarriak jartzen dizkigula ikasleoi, diglosia egoera bizi duen hizkuntza izanik erraztasunik ez baitago. Hala ere, ulertezina eta onartezina egiten zait gure ikasketak zalantzan jartzea. Ez da egia euskaraz ikasten dugunok prestakuntza eskasagoa dugula, inondik inora ere ez. Horren adibide garbi ditugu azken egunetan argitaratu diren aurtongo MIR azterketako behin-behineko emaitzak. 12.000 mediku baino gehiago aurkeztu ziren prestakuntza espezializatuko postu bat lortzeko egiten den Estatu mailako azterketa honetara eta lehenengo hamar postuetan EHUn euskaraz ikasitako bi ikasle daude. Hau da, Estatu espainiar osoko lehenengo hamar postuetako %20 euskaraz ikasi duten ikasleek bete dituzte. Gure prestakuntza horren txarra ez den seinale.

Gure inguruan urteetan zehar euskararen aurka eraikitako mito ugari daude eta hauek suntsitu beharra dago. Mediku euskaldunak behar ditugu osasun sistema elebiduna lortzeko bidean aurrera egin nahi badugu, eta horretarako euskaraz ikastera animatu behar ditugu ikasleak. Mitoak mito dira, besterik ez. Euskarazko ikasketak gaztelerazkoak bezain onak dira eta prestakuntza berbera da, desberdintasun batekin: «Medikua, ona ala euskalduna?» galderari, «medikua, ona eta euskalduna» erantzun ahalko diogu guk, medikuntza euskaraz ikasten dugunok.