Muriel Ruiz de Larramendik, 16 urte eskasekin,«Tekken» (8b+) egin du
Uharteko eskalatzaile gazteak orain artean egin duen biderik gogorrena da. Etxauriko marra tekniko eta zaila poltsikoratu ahal izateko lau egunetan zortzi saio egin behar izan ditu.
Muriel Ruiz de Larramendi aski ezaguna da orrialdeotan. Batez ere, eskalada lehietan izan duen agerraldi ederrak tarteko. Nahiz eta Rokopolis taldean dagoen, azken denboraldi honetan Uharteko eskalatzailea Euskal Mendizale Federazioaren euskal selekzioarekin lehiatzen ari da, eta, lasai asko esan dezakegu, ingurumari honetan dena irabazi duela. 16 urteko nafarra 18 urtez azpiko mailan dabil, eta azken proba ofiziala hurrengo larunbatean izango du; hots, Rokopolisen bertan jokatuko den Euskadiko Txapelketa.
Baina oraingo honetan, eskalada lehia horiek alde batera utziko ditugu, gazte nafarrak argi asko erakutsi baitu arrokan ere ondo baino hobeto murgiltzen dela. Ruiz de Larramendiren entrenatzaile Gorka Karapetok berak zera esan digu: «Murielek Etxauriko ‘Tekken’ bidea (8b+) kateatu berri du». 8b+ zailtasuneko marra bat 16 urte eskasekin sinatzea azpimarratzeko modukoa da; batez ere bere ibilbideari begiradatxo bat ematen badiogu.
Bai, Ruiz de Larramendik denbora gutxi darama arrokan estutzen. Berez, eskaladaren munduan 10 urterekin hasi zen eta ia orain arte denbora guztia rokodromoan entrenatzen zein eskalatzen pasa du. Baina Karapetok, gaztea Rokopolisen entrenatzeaz gain, egitura horietatik kanpo eskalatzera ere eraman du; hots, arrokara. Eta di-da batean 8b+ graduan sartu da.
Bide teknikoa
Karapetok adierazi digunez, Uharteko eskalatzaileak burua bere lekuan du: «Gazte da, soilik 16 urte ditu. Baina egiten duen guztia buruarekin egiten du. Horretaz guztiaz gain, ez da bide baten zailtasunarekin itsutzen. Marra gogor bat eskalatu nahi duela esaten dit, baina zenbakiari eta letrari begiratu gabe. Bere lehen 7c+ graduko bidea (bistan egin zuen) egoera horretan atera zuen. Bide gogor bat probatzea eskatu zidan, nik bat proposatu nion, eskalatu zuen eta jaisterakoan esan nion 7c+ zailtasuna zuela».
Bitxia da ere “Tekken” kateatu aurretik bere bide gogorrena 8a+ zela (“Ocho mil ostias”, Etxauri). Beraz, nafarrak 8b+ gradura salto egin du 8b zailtasunetik pasa gabe. Eta “Tekken” bideari buruz esan behar dugu gogorra eta oso teknikoa dela. 25 metroko bide hori tentea eta plakeroa da. Marra hau poltsikoratzeko lau egun eta zortzi saio behar izan ditu. «Pozarren nago, eta ekinaldi guztietan asko gozatu dut. Orain, oso motibatua nago gogor estutzen jarraitzeko», dio Ruiz de Larramendik.