Egungo aizkolari onenetakoak lehiatuko dira Sunbillan binaka jokatuko den Latasaren Oroimenezkoan
Egungo aizkolaririk onenetakoak Sunbillako pilotalekuan bilduko dira gaur, 19.00etatik aurrera, bertan jokatuko baita Latasaren Oroimenezko Torneoa. Lehiaketa honek leku garrantzitsua bete du urteko aizkora egutegian.
Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza, Iker Vicente eta Ruben Saralegi, Arria V.a eta Joseba Otaegi, Donato Larretxea eta Jon Rekondo eta Mikel Larrañaga eta Iñaki Azurmendi; horiek izango dira lanean arituko diren bikoteak. Bikote bakoitzak hamar kana-erdiko eta sei 60 ontzako ebaki beharko ditu. Lan polita da txanda librekorako, eta izerdia gogotik bota beharko dute irabazi nahi dutenek.
Guztiak ere oso bikote orekatuak dira eta edozeinek irabazita ere, ez da ezustetzat hartuko. Hala ere, batzuen ustez, Otaegi eta Arria eta Atutxa eta Mugertza dira faboritoak, baina garaipena lortu nahi duenak gogor lan egin beharko du.
Txapelketak badatoz eta aizkolariak prestakuntza lanetan dabiltza, eta gaurkoak, nahiz eta binaka izan, duten maila ikusteko ere balio izango du, eta zale askok horretarako ere erabiltzen dute gaurko lehiaketa ikusgarri hau.
Jaialdia, ordea, beste hainbat ekitaldirekin osatuko dute, denak ere ikusgarriak, eta hainbat kirol uztartuz. Tartean izango da Maika Ariztegi aizkolaria oinbiko enborra ebakitzen. Harri jasotzen Aimar Irigoien eta Izeta III.a jardungo dira. Horiek 125 kiloko zilindroa eta 112,5 kiloko kubikoa erabiliko dituzte bi minutuko txandetan. Azkenik, eta txingekin, berriz, Xanta Sousa arituko da lanean. Lesakan bizi den brasildarrak 75 kiloko txingak erabiliko ditu esku bakoitzean, eta hori ere ez da ohikoa izaten plazetan.