GARA
BAIONA

Errobiko auzapezen erdiek karguz kanpo nahi zuten Peio Etxeleku

Errobin erreferente izan den Peio Etxeleku kargugabetu zuten iragan astean. Eskualdeko «hamabi auzapezetatik seik» eginiko eskaerari bide eman diola azaldu du Jean-Rene Etchegarayk «Mediabask»-en. Hautetsi jeltzaleak gobernantza-ituna urratzea deitoratu du.

Peio Etxeleku, apirilaren 14an emandako prentsaurreko batean.
Peio Etxeleku, apirilaren 14an emandako prentsaurreko batean. (Guillaume FAUVEAU)

Iragan asteazkenean, Jean-Rene Etchegarayk Errobiko erreferente gisa jardun duen Peio Etxelekuri kargua kendu zion. Euskal Hirigune Elkargoko buruak bere erabakia defendatu zuen atzo “Mediabask”-ekin elkarrizketan. Buruzagi zentristak azaldu zuenez, eskualdeko «hamaika auzapezetatik seik» eskutitza igorri zioten Etxelekuren izendapena bertan behera uztea galdetzeko.

Sei auzapez horiek soilik ez, aldez aurretik beste hainbat hautetsik ere beren ezinegona telefonoz helarazi ziotela gaineratu zuen Etchegarayk.

Bere esanetan, apirilaren 10ean Kanboko udalbatzarrean izan ziren istiluak daude Errobiko «lan giroa asaldatu duen» krisiaren jatorrian. Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak azaldu zuenez, Arrangoitze, Kanbo, Ezpeleta, Jatsu, Luhuso eta Zuraideko auzapezek, aipaturiko eskutitzaren bidez, Kanboko kontseiluaren bilkuran izan ziren «istilu larrien aitzinean» Etxelekuk hartu zuen «jarrera neutroak» sortu zien kezka azaldu zioten.

Hain zuzen, ehun bat lagunek bilkura bi orenez oztopatu ondoren, jendarmeak udal aretoan sartu eta tirabirak gertatu ziren. Testuinguru horretan, Christian Deveze Kanboko auzapeza lurrera erori eta arinki zauritu zen.

Gertakari horien ondoren ere «gaitzespena agertzeko aukerak falta izan ez bazaizkio ere», jokabide argia ez hartzea egotzi zioten Etxelekuri gutunaren sinatzaileek, eta berarekiko «konfiantza hautsia» zela jakinarazi zioten Etchegarayi.

Hala, Etxeleku kargutik kenduz, hirigune elkargoaren presidente gisa dagokion agindua eman zuela defendatu zuen Jean-Rene Etchegarayk.

BARNE DEMOKRAZIA FALTA

Oso bestelako iritzia du Ipar Buru Batzarreko buruak. «Gizarte zibiletik, zehazki enpresa mundutik, nator, eta, agian nolabaiteko inozentziaz, pentsatu dut ibilbide profesionalean garatu ditudan baloreetan oinarrituta ahal niola ekarpena egin Euskal Elkargoari», adierazi zion Etxelekuk “Mediabask” hedabideari.

Ahalegin kolektiboa eta iritzi aniztasunari errespetua aldarrikatu zituen, eta, kanboarraren ustez, «izpiritu libreen aurka presio handiak daudela argi dago».

Ildo beretik, lurralde batzordeari «mespretxua agertuz», bera kargutik kentzeko Etchegarayk baliatu duen urgentziazko prozedurak barne demokrazian arazo bat dagoela bistan uzten duela gehitu zuen.

Jean-Rene Etchegaray hirigune elkargoko presidenteak, berriz, gezurtatu zuen auziaren gibelean «bulkada politikoa» izan denik. Euskal Hirigune Elkargoan eta, bereziki, Errobiko eremuan, ez da giro.