Gaur8

Gazteei memoria historikoa hurbiltzeko asmoz, “Oroimenaren harra” webgunea aurkeztu dute

Memoria historikoaren inguruan sortutako lanak bilzen dituen “Oroimenaren harra” web-orria aurkeztu dute gaur Gasteizko Koldo Mitxelena instiutuan. Batez ere, DBHko azken mailetako eta Batxillergoko ikasleentzako zuzenduta egongo da.

Webgunearen aurkezpeneko irudia (Koldo Mitxelena Institutua)
Webgunearen aurkezpeneko irudia (Koldo Mitxelena Institutua)

Amaia Serrano EHUko irakasleak eta Txema Flores irakasle eta “Araba Gerra 1936” liburuaren egileak aurkeztu dute asteazken goizean “Oroimenaren harra” webgunea. Floresek Araban 1936an izan zen errepresioaren inguruan hitz egin du, aipatuz 300 fusilatu izan direla eta espetxeratu nahiz erbesteratuen istorioak azalduz. Azpimarratu du, halaber, «behar-beharrezkoa» dela gazteek historia hurbilean gertatu zena jakitea.

Azaldu dutenez, azken urteetan Koldo Mitxelena institutuan lan egin dutenek, klaustroan zeuden kezkei erantzuna emateko asmoarekin sortu dute egitasmo hau. Izan ere, ikusi zuten memoria historikoaren kontuetan curriculumean gabezia handia dagoela. Hala, ikasleek ez zuten gaia ezagutzen, eta ondorioz, ez zeukaten gaiarekiko «enpatiarik».

Hala, webgunean gai ugari landuko dituzte, besteak beste, jazarpen ideologikoa, gerra ondorengo errepresioa, erbestea, homosexualen aurkako jazarpena edo euskararen debekua. Orobat, «balio etikoetan hezteko» materiala bilduko dute, gehienbat DBHko azken mailetako eta Batxillergoko ikasleei zuzenduta.

Nabarmendu dute, gainera, «auzolanean» egindako lana dela “Oroimenaren harra”, modu kolektiboan elikatzeko sortua. Hartara, ekarpenak «ongi-etorriak» izango direla zehaztu dute.