@mtxintxurreta

Euskaraldia aurreratu dute Arabako Lautadan simulakro baten bidez

Hizkuntza-ohituren aldaketa kolektiboan ematearen alde egingo du datorren urteko Euskaraldiak, nahiz eta agertuko diren, beste behin, Ahobizi eta Belarriprest txapak. Bada, Arabako Lautadako herritarrek soinean dituzte jada, Euskaraldiaren simulakroa egiten ari baitira asteon, eta frogan jarri dituzte datorren urteko berrikuntzak: entitateetako kanpo- eta barne-ariguneak. Larunbat honetan GAUR8n argitaratuko den erreportajeak sakonago landuko du gaia.

Itzuli dira Ahobizi eta Belarriprest txapak Arabako Lautadara (Arg: Asier Lafuente)
Itzuli dira Ahobizi eta Belarriprest txapak Arabako Lautadara (Arg: Asier Lafuente)

Astelehenean hasi zuten ekimena eta itzuli dira Ahobizi eta Belarriprest txapak Arabako Lautadako biztaleen jaketara. Igandean amaituko dute esperimentua eta datorren urtean azaroaren 20tik abenduaren 4ra burutuko den Euskaraldia 15 Egun Euskaraz ariketari aurrea hartuz, barne- eta kanpo-ariguneak sortu dituzte, euskara entzun eta erabiltzeko plaza erosoak.

Asier Lafuente Lautadako Euskaraldiko koordinatzaileak eman digu ekimenaren berri, eta azaldu du ekainaz geroztik ari direla bisitak egiten kolektibo, establezimendu, lantegi eta erakunde publikoetara. Orotara, 113 ate jo zituzten, ariguneak izan zitzaketen entitateak zirelakoan. Kalkulatzen dute 105 arigune inguru sortu direla simulakroaren zazpi egunetarako.

Hauek bi motatakoak izan daitezke. «Barne-arigunea funtzionamenduarekin dago lotuta eta entitate batean beti daude talde funtzionalak; enpresa bateko departamendu edo sail bat izan daitezkeenak. Talde horietan denek euskaraz ulertzen badute, aukera dago hizkuntza-ohituran aldaketa bat egiteko», esplikatu du Lafuentek. Kanpo-ariguneak, aldiz, bezero eta herritarrei begira lan egiten duten lagunek sortzen dituzte, eta entitateak bermatu behar du postu horietan euskaraz ulertzen duen langile bat duela.

Taldean, askoz hobe

Jakina da 2020ko Euskaraldiak planteatzen duen sistemak iaz bultzatutako hizkuntza-hautu pertsonala bainoago, aldaketa kolektiboa erdietsi nahi duela, eta horretan ari dira Lautadan. Lafuentek nabarmendu du, gainera, ariguneen sistemak funtzionatzen duela. Atzo jakinarazi zutenez, 500 lagun inguru ari dira ariketa burutzen barne-ariguneetan.

Arabako egoera sozio-linguistikoa, baina, ez da positiboena eta horrek bere isla dauka entitate eta arigune kopuruetan: «Hemen 650 entitatetik kalkulatu dugu bakarrik 170etan egon daitekeela arigune bat; orduan, arigunearen kontzeptua Lautadara ekarrita, hemengo egoera sozio-linguistikoarekin, geratzen gara soilik entitateen %25arekin».

Larunbat honetan, Arabako Lautadako simulakroaren berri emango duen erreportaje bat argitaratuko da GAUR8n, Lautadako egoera soziolinguistikoa nahiz simulakroaren nondik-norakoak hobeto ulertzeko.