Maddi TXINTXURRETA

‘Zut’ sortu dute, edukiak bertikalean eskainiko dituen gazteentzako aldizkari digitala

IXA izeneko Euskal Herrian ekoiztutako lehen serie aplikazioa ikus daiteke ‘Zut’ aldizkarian. Telesaila «berritzailea, estetikoki boteretsua, ausarta eta gazteek oso gustura kontsumituko dutena» dela esan dute.

Mundaiz Ikastetxeko gazteak agertu dira Zut aldizkariaren aurkezpenera. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Mundaiz Ikastetxeko gazteak agertu dira Zut aldizkariaren aurkezpenera. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Gazteei zuzendutako ‘Zut’ aldizkari digitala aurkeztu dute Josu Bilbao Goienako kazetariak, Gaizka Izagirre Gaztezulokoak eta Egoitz Diaz Ibargoitia IXA serie aplikazio berriaren lantaldeko kideak ostegun goizean Tabakaleran. Mundaiz Ikastetxeko ikasleak ere izan dira aurkezpenean.

Gaztezulo eta Ttap aldizkari digitala argitaratzen duen ADM SLk elkarlanean sortutako mugikorrendako doako eta euskara hutsezko aplikazioa da ‘Zut’, eta hiru zutabe dituela azaldu dute: ikus-entzunezko edukien garapena, gazteen gustuko gaiak jorratzen dituzten «kalitatezko» edukiak eta, batez ere, «bertikalaren aldeko apustua».

Askotariko edukiak landuko dira aldizkarian, tartean, ikus-entzunezko formatuan eta Instagram storie-tan oinarritutako elkarrizketa, «freskoa, arina eta dibertigarria» izango dena, Izagirrek segurtatu duenez. Musikarentzako lekua ere izango da, batetik Kattalin musikariaren ikus-entzunezko cover-en eskutik eta, bestetik, elkarrizketatutako pertsonaiek Spotify zerrenda interaktiboak sortuko dituzte, gustuko dituzten kantuak gomendatuz.

Bestalde, Youtuberren txoko bat egongo da, non sortzaile desberdinen iritzi eta hausnarketak bilduko diren.

Horrez gain, moda aholkuak, sexologiari buruzko esketxak, eta lehiaketa ezberdinak eskainiko dira. Guztiak osatzeko, erabiltzaile gazteen parte-hartzea eta haiekin interakzioa «ezinbestekoa» dela nabarmendu du Izagirrek, eta aplikaziora bidalitako edukiak zabalduko dituztela iragarri dute.

Berrikuntza gisa, aipatu eduki guztiak bertikalean eskainiko dituzte, mugikorra formatu horizontalera mugitu gabe ikusteko moduan. «Gazteek gaur egun edukiak kontsumitzeko duten joerari egiten dio keinu», esan du Josu Bilbaok.

IXA telesaila

Euskal Herrian ekoitzi den lehenengo serie aplikazioa eskainiko du ‘Zut’ek. IXA 5-10 minutuko iraupena izango duten sei atal independentez osatutako telesaila da, eta bertako kide Egoitz Diaz Ibargoitik azaldu duenez, gazteak kezkatzen dituen gaiak jorratuko ditu, «sexualitatea, sare sozialak edo berdintasuna», kasurako. «Ikus-entzunezkoetan ikustera ohituta ez gauden gaiak landuko dira, dena bertikalean» azaldu du.

Jada eskuragarri dago ‘Zut’ aplikazioa Apple eta Android euskarrietarako, lehenengo aleko edukiekin.