Maddi TXINTXURRETA

Herri mugimenduen jakintza denen eskura jarri dute Biltokian

Joxemi Zumalabe Fundazioak duela urte batzuk abiatutako Bor Bor (K) Herri Jakintzen Laborategia egitasmoaren baitan sortu du Biltokia, herri mugimenduentzako baliabideak elkartrukatzeko gune birtual praktikoa. Bertan biltzen dira Fundazioko kideek sortutako edukiak, baina baita beste kolektibo batzuek konpartitzen dituztenak ere.

Ostegunean aurkeztu zuten Biltokia, Gasteizen. (Endika PORTILLO/FOKU)
Ostegunean aurkeztu zuten Biltokia, Gasteizen. (Endika PORTILLO/FOKU)

Joxemi Zumalabe Fundazioak Biltokia izeneko egitasmoa aurkeztu zuen ostegunean, herri mugimenduen baliabide eta materialak sarean gorde eta partekatzeko kutxa birtuala. Jakintzaren elkartrukerako espazioa da Biltokia, «herri mugimenduek herri mugimenduentzako» sortua eta askotariko materialak jasotzen dituena.

Duela urte batzuk abiatu zuen Bor Bor (K) Herri Jakintzen Laborategia Joxemi Zumalabe Fundazioak, eta ekimen honen filosofia beretik garatu dute Biltokia, herri mugimenduek «atomizatzeko duten joera» gainditu eta saretzea hauspotuz. Biltokia asmo horrekin sortutako tresna bat gehiago da.

«Hiru-lau pertsona elkartu ginen pentsatzen genuenak ondo egongo zela zerbait praktikoa sortzea, zeren, ondo dago hausnartzea, herri mugimenduak elkartzea, baina zerbait praktikoa nahi genuen, baliabide desberdinak herri mugimenduentzat eskuragarri jartzea», azaldu du Ainhoa Narbaiza Fundazioko kideak.

Hala, lau urte eman zituzten materialak biltzen, «tresnaren tripak» elikatzeko. Ibilbide horretan, denetik bildu dute: dinamikak, irakurgaiak, liburuak, estekak edo bideoak, kasurako, eta gai ezberdinak jorratzen dituztenak, tag edo etiketen bidez sailkatuak. «Gai batzuk orokorragoak dira, adibidez, bilera bat nola prestatu azaltzen duen gidak. Beste batzuk orokorragoak izan daitezke, botere harremanak edo pedagogia kritikoak, adibidez», esplikatu du.

Materialen artean, berebat, herri mugimenduaren funtzionamendura begira ondutako baliabideak daude eta, bestalde, «errealitatearen azterketak, koiunturaren analisiak», eta abar egiteko balio duten dokumentuak.

Alabaina, Fundazioko kideek osatutako datu-basea herri mugimenduek osatu dezakete, webgunera material propioak igota. Baliabideak konpartitzea da helburua. «Badakigu jendeak baliabideak dituela, baina ez daukagu horiek konpartitzeko ohiturarik eta, honen bitartez, Euskal Herriko herri mugimendua biltokian islatzea nahi dugu», agertu du Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak.

Proiektuaren helburua da, besteak beste, herri mugimenduak «autonomoagoak» izatea, baliabideak kolektibo ororen esku utzita. «Tresna hau sortu dugu herri hezkuntzaren filosofiatik, herri mugimenduei edo herrigintzari begira, eta ikuspegi eraldatzaile batetik. Proposatzen ditugun teknikak edo daukagun materiala ez da neutroa, politizatua da, materiala sortzen baitugu errealitatea aldatzeko helburuarekin», sakondu du Narbaizak.

Erabilera egokia

Biltokiak, baina, elikatu behar du oraindik. Ainhoa Narbaizak abisua eman du: «Biltokira sartzen denak sumatuko du momentuz Euskal Herriko eduki gutxi daudela, eta hemendik aurrera hutsune hori bete nahi dugu. Ate-joka ibiliko gara edukiak lortzeko».

Bestalde, materialen erabilera librea den arren, hauek zentzuz erabiltzeko aholkua eman du Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak, Biltokian dauden materialak ez baitira edozein testuingururako erabilgarriak: «Ondo zaindu behar dugu zer helbururekin erabiltzen ditugun dinamikak. Ez badiegu erabilera egoki bat ematen, kontrako helburua lor dezakegu, taldean gatazka sortzea, adibidez».