Oihane IRAZU
ERRIGOITI
Elkarrizketa
Amets LADISLAO
Emakume baserritar feminista

«Emakumeok beste nekazaritza eredu bat sortu dezakegu, justuagoa, duinagoa»

Amets Ladislao Etxalde taldeko kideak ezinbestekotzat jotzen du nekazaritza eredua guztiz aldatzea, gaur egungoa erabat suntsitzailea delako. Eta erronka horretan argi dauka emakume baserritarrak mantendu duen eredua dela jarraitu beharrekoa, «eredu txikia, dibertsifikatua, salmenta zuzenekoa». Horixe da, hain zuzen, hurrengo belaunaldiei utzi nahi dien eredua.

Amets Ladislao. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Amets Ladislao. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Amets Ladislaok hogei urte daramatza nekazaritzako ustiategietako parte izaten. Orain dela zortzi urte Bizkaigane elkartean hasi zen, Errigoitin, eta oso pozik dago beste zortzi baserritarrekin batera lan egiten. Elkarrizketan azaltzen duenez, elkarte hori denen artean kudeatzen dute, ez dago buruzagirik. Gutxi gorabehera bakoitzak ardura bat dauka, baina erabakiak denen artean hartzen dituzte. Proiektu kolektibo bat da, taldeak duen indarrean sinisten dute, lan errotatorioak egiten dituzte,  eta nekazaritza egiteko modua beste bat da, belarrean oinarritutako nekazaritza.

Zeintzuk dira gaur egun emakume baserritarrak dituen erronka nagusiak?
Emakume baserritarrok erronka pila bat eduki ahal ditugu, baina lehenik eta behin, garrantzitsuena guretzat biziraupena da; sektore bezala, honetaz bizi ahal izatea era duin batean. Egiten dugun irakurketa da berez daukagun eredu hau suntsitzailea dela, bai emakumeontzat, bai gizonentzat; benetan babesten dugun gure nekazaritza egiteko modua desagertu egingo dela. Hemen Euskal Herrian, gauzak edonola egiteko tendentzia dago, baina «lurraldean» egiten direnez, iruditzen zaigu hobeagoak direla. Horren aurrean, guk esaten duguna da ezetz, benetan ereduari buelta bat eman behar zaiola, gauzak hobeto eginez eta ez kristoren dirutza publizitate kanpainetan gastatzen. Edo eredua aldatzen dugu edo ez dugu etorkizunik izango, ze kanpotik datorrena itzelezkoa da, horregatik ari dira hainbeste ustiategi desagertzen. Hau erronka orokor bezala.

Eta zehazki emakume baserritarraren erronkak, mugimendu feministak dituen erronkak dira. Heteropatriarkatu kapitalista basati bat dago dirua jartzen duena guztiaren gainetik, eta guk bizitza bizigarriak nahi ditugu. Horregatik, gure erronka nagusiena hori da gaur egun, gizarte bat sortzea non elikadura foku zentral bat izango den.

Gizarteak gaur egun ez dauka hori buruan, erosotasun eta abiaduran murgilduta dago. Guk, baserritar feminista bezala –ze gu ez gara emakume baserritarrak, gu emakume baserritar feministak gara– egin behar duguna da ezetz esan, garrantzitsuena pertsonak, elikadura eta lurra direla. Horrela, beste balio batzuk erantsi behar dizkiogu gure sektoreari.

Berez, sektore hau maskulinizatua eta zaharkitua dago, horregatik erronka nagusia da gu emakume baserritar moduan ahalduntzea sektorearen barruan, ahots propioa edukitzea, sinestu gaitasuna daukagula ahotsa edukitzeko. Eta horretan gabiltza. Lehenbizi gure buruak ahalduntzen, eta gero mugimendu feministaren erreibindikazioak sektore honetara ekartzen. Bi faktore hauetan zentratuko nituzke erronka nagusiak.

Emakumea betidanik aritu da lanean baserrian, baina oraindik emakume profesionalak gutxiago dira gizonekin alderatuz. Azken datuek diotenez, egoerak zertxobait hobera egin du baina oraindik %30 inguru dira emakumeen izenean dauden ustiategiak.
Guk gaur egun ez diogu hainbesteko garrantzirik ematen nor den profesionala eta nor ez, garrantzi gehiago ematen diogu benetan zer nekazaritza eredu defendatzen ari garen edo ez. Egia da emakumea beti egon dela baserrian lan egiten, inbisibilizatua eta eginkizun konkretu batzuk egiten, baina guk buelta bat ematen diogu irakurketa horri, eta esaten duguna da: guretzat emakume baserritarrak, nahiz eta profesionala ez izan, guk defendatzen dugun eredua mantendu du. Hau da, baserrietan eredu txiki bat mantendu du, dibertsifikatua, salmenta zuzeneko eredua, eredu horien atzetik emakume bat irudikatzen dugu. Eta horrek balio bat dauka.

Egia da gu baino nagusiagoak diren baserritarrek ez dutela aukera izan gizarte segurantza edukitzeko, eta egia da hori arazo bat bilakatu dela. Gaur egun emakume hauek jubilazio lotsagarriak dituzte. Errealitate bat da, halaber, orain gatozenok ez daukagula arazo hori, eta hori haien borrokagatik izan da, haiei esker daukagu guk gaur daukaguna. Ni adibidez honetara dedikatzen naiz, ez daukat beste lan bat aparte, bakarrik honetara dedikatzen naiz. Zortzi urte daramat hemen Bizkaiganen, baina hogei urte sektore honetan, baserritar moduan.

Rosa adibidez, Mungiako azokan alboan daukadan emakume baserritarra da, baina ziur aski jendeak bere gizonaren irudia izango du, nahiz eta bera izan den lan egin duena gazta hori saltzeko. Horretan dago inbisibilizazioa, itzelezkoa, ez bakarrik sektore honetan. Horregatik diot buelta ematen diogula profesionaltasunaren irakurketan, emakumea izan dela gure ereduaren defendatzailea eta balio bat eman behar zaiola, nahiz eta profesionaltzat ez hartu.

Zer egin daiteke, zure ustez, lehen sektorean berdintasuna bultzatzeko?
Sektore honetan berdintasuna bultzatzeko lehenik eta behin, emakumeak ahaldundu egin behar dira. Emakume baserritarrek sinestu behar dute izugarrizko garrantzia dutela eta egiten ari diren eta egin duten lana itzelezkoa dela. Batzuetan emakume hauek ez dira ausartzen hitz egiten eta pentsatzen dutena esaten. Askotan gertatzen da emakumea izaten dela, ardien sektorean adibidez, dena egiten duena: bai gazta, bai esnea, bai lana orokorrean, berak bakarrik. Goizean jaiki, ardiak atera, egun guztia hortik, eta gero gazta egiten dutenak. Eta bileretara, aldiz, gizona joaten da. Gertatu izan da, halaber, sari banaketa bat egotea, eta saria gizonari ematea, nahiz eta emakumeak lan guztia egin, eta hori emakumeak ez du sinesten merezi duenik. Arazo estruktural bat da.

Uste duzu emakumeek errekonozimendu beharra dutela? Zer lor daiteke errekonozimendu horrekin?
Bai, errekonozimendua behar dugu emakumeek sektore honetan. Errekonozimendu horrekin zer lor dezakegun? Lor dezakegu erakustea emakumeok mantendu dugula sektore hau. Azkenean, hurrengo belaunaldiei adibide moduan emakumea ipintzea lor dezakegu; benetan berdintasunean oinarritzen den elikadura sistema bat sortzea gure praktikekin, betiere ereduari lotuta. Horregatik uste dut emakumeok berez lurra zaintzearen gauza hori daukagula, eta horri balioa eman behar zaio, baina ez zaio ematen. Hortaz, lor dezakegu benetan beste nekazaritza eredu bat sortzea, justuagoa, duinagoa, jasangarriagoa, hobea, baina denontzat. Finean, duintasuna oso garrantzitsua da, batez ere sektore honetan, urte askotan duintasun hori desagertuta egon da eta.