GAUR8

Ulerrizketa: Gaitasun ertaina dutenekin euskaraz mintzatzeko baliabide berria

Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk elkarlanean garatu dute Ulerrizketa metodologia eta tarteko ulermen gaitasuna dutenen eta hitz egiteko gaitasun ona dutenen artean euskarazko elkarrizketak bideratzeko irizpideak eta gomendioak biltzen ditu.

Jon URBE | FOKU
Jon URBE | FOKU

Euskaraz gaitasun mugatua dutenekin euskaraz hitz egiten hasteko, “Ulerrizketa Metodologia. Aldahitz ikerketa” izeneko metodologia sortu eta horren argitalpen digitala zabaldu dute Soziolinguistika Klusterrak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Proiektu berritzaile horren egile dira Pello Jauregi eta Pablo Suberbiola, eta horien esanetan, metodologia hori ulertzaile eta mintzatzaile roletan oinarritzen da. Euskarazko tarteko ulermen gaitasuna duten pertsonen eta hitz egiteko gaitasun ona dutenen artean euskarazko elkarrizketak bideratzeko irizpide eta gomendio sorta da metodologiaren oinarria.
Euskal Herriko zenbait lantegitan probatu eta garatu dute 2016. urtetik gaurdaino
“Ulerrizketa Metodologia. Aldahitz ikerketa”. Jasotako esperientzia horrek metodologia bera findu eta hobetzeko balio izan diela eman dute aditzera sortzaileek. Hala, orain arte egindakotik ikasi eta gerora aipatu esperientzia horiek ugaritzeko asmoa azaldu dute. Liburuan metodologia horren eta hizkuntza ohitura aldaketen inguruko oinarri teorikoak azaltzen dira; esaterako, Ulerrizketa praktikara eramateko gakoak, irizpideak eta aholkuak xehetasun osoz ematen dira; gainera, ulerrizketaz baliatu nahi dutenentzat formakuntza nola egin azaltzen da, eta metodologia hori aplikatzeko beharrezkoak diren baliabideak eskaintzen zaizkio irakurleari; hala nola, fitxak, galdetegiak, gidoiak eta abar.
Azkenik, esan beharra dago Aldahitz ikerketa 2010. urtean jarri zela martxan,
Soziolinguistika Klusterraren gidaritzapean, eta ordutik hona haren azterlan nagusien artean daudela lan eremuan gertatu ohi diren hizkuntza aldaketa prozesuak. Hala ere, lan mundutik harago, aisialdian eta ingurune informaletan ere erraz aplika daiteke; egileek diotenez, Euskaraldia bezalako ekimenetan metodologia hauek tresna interesgarriak izan daitezke. Beraien ustez, marko zehatza eskaintzen du metodologia horrek hiztunak trebatzeko eta elebidunen eta elebidun hartzaileen arteko euskarazko harremanak bideratzeko.