Gaur8

Arabako ondare historikoaren «leku sekretuak» ezagutzeko lehiaketa abiatu du Aldundiak

Etxetik turismoa egiteko nahiz Arabako ondare historikoaren berri izateko, lehiaketa bat proposatu du Arabako Foru Aldundiak. Lurraldeko zenbait tokietako irudi esanguratsuak eskegi ditu webgunean, eta zein leku diren asmatu beharko dute parte-hartzaileek, argazkia non hartu den eta ondarearen izena zein den zehaztuz.

Arabako ondare historiko baten irudia, lehiaketan asmatu beharrekoa. (ARABAKO FORU ALDUNDIA)
Arabako ondare historiko baten irudia, lehiaketan asmatu beharrekoa. (ARABAKO FORU ALDUNDIA)

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Saileko Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuak lehiaketa bat proposatu du, #KulturaEtxezetxe kanpainaren barruan, ondare historikoaren hamabi irudi lurraldeko zein leku zehatzetan dauden identifikatzen saiatzeko. Lehiaketaren helburua Arabako ondarea zabaltzea da, konfinamenduaren neurria egonagatik ere, etxetik bidaiatzeko aukera emateko.

«Kultura Sailak pertsona guztiak gonbidatu nahi ditu, batez ere gazteenak, joko honen bidez etxetik turismoa egitera eta espazioan eta denboran bidaiak egitera, gure ondarearen leku sekretuak deskubrituz», adierazi du Ana Del Val Kultura eta Kirol diputatuak.

Lehiaketan parte hartzeko eta irudiak ikusteko esteka honetan sartu behar da: https://web.araba.eus/eu/kultura/historia-eta-arkitektura-ondarea/lehiaketa. Erantzunak, berriz, patrimonioha@araba.eus helbide elektronikora bidali beharko dira, argazkiaren zenbakiaren ondoan hura non hartu den eta bertan agertzen den kultura ondasunaren izena zehaztuz. Maiatzaren 15era arte bidali ahalko dira, eta parte hartzaileen artean Añanako hiru gatz sorta zozketatuko dira.