Gaur8

Itzuli itzultzaile neuronalak 4,7 milioi itzulpen zenbatu ditu martxoan, ia otsailean halako bi

Euskaratik frantsesera eta frantsesetik euskarara itzultzeko aukera eskainiko du itzultzaile honek uda baino lehen.

Konfinamenduan, Itzuliren erabilerak bikoiztu egin dira. (GETTY IMAGES)
Konfinamenduan, Itzuliren erabilerak bikoiztu egin dira. (GETTY IMAGES)

Itzuli itzultzaile neuronalak martxoan erregistratu zituen bere erabilera daturik altuenak iragan urriaren erdialdean abian jarri zenetik. Lakuak bultzatutako itzultzaile neuronalak 4.757.801 itzulpen egin zituen martxoan, ia otsailean halako bi (2.518.550). Martxoan zehar egin ziren itzulpenen %56 gaztelaniatik euskarara egin ziren, eta %44 euskaratik gaztelaniara.

Halaber, www.euskadi.eus/itzuli helbidean erabil daitekeen Itzuli itzultzaile neuronalak euskaratik frantsesera eta frantsesetik euskarara itzultzeko aukera eskainiko du uda baino lehen, Lakuako Gobernuaren eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko akordioari esker.

Itzultzaile neuronalak martxoan izan zituen erabilera datuei erreparatuz gero, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ondorioztatu du Covid-19k eragindako osasun larrialdi eta alarma egoeraren eraginez ezarritako konfinamenduak nabarmen areagotu duela bere erabilera.

Izan ere, martxoaren 2tik 8rako eta martxoaren 23tik 29rako (jada konfinamenduan) asteak alderatuz gero, erabilerak bikoiztu egin ziren: 745.606 erabilera martxoko lehen aste osoan, eta 1.524.010 itzulpen martxoaren 23tik 29ra bitartean. Gainera, martxoaren 31 izan zen Itzuli abian jarri zenetik itzulpen gehien egin diren eguna: 279.537 egun bakarrean.

Lakuak 2019ko urriaren erdialdean jarri zuen martxan Itzuli itzultzaile neuronala. Ordutik hona, hilabeteka, martxoaren ostean (4.757.801 itzulpen), otsaila izan da erabilera altuena izan duena (2.518.550), eta jarraian, urtarrila (1.841.813), abendua (1.011.601) eta azaroa (774.082). «Beraz, gero eta gehiago erabiltzen da itzultzaile neuronala», gaineratu du.

Era berean, erabilera asteko egunen arabera aztertuz gero, asteburuetan beherakada nabarmena ikusten da, nahiz eta egun horietan ere erabilera handia izan. Bere arduradunen arabera, astelehenetik ostiralera egiten den erabilera altuak erakusten du Itzuli asko erabiltzen dela lan arloan, administrazioan eta arlo akademikoan.