GAUR8

«Gastronomia eraldaketa tresna gisa» nazioarteko jardunaldiak, 19an eta 20an

«Gastronomia eraldaketa tresna gisa» nazioarteko jardunaldiek elikagaien kontsumoa, maneiua... eta eredu jasangarriak jarriko dituzte mahai gainean adituen eskutik, tailer eta hitzaldien bidez. Deialdia online jarraitu ahal izango da, lau hizkuntzatan. Izena emateko epea zabalik dago publiko guztiarentzat, baina gazteei gonbita berezia egin diete, «aldaketaren parte» izateko.

Baserriko barazkiak, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Baserriko barazkiak, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Basque Culinary Centerrek (BCC) eta Fruto kalitatezko elikagai garbi eta justuak ekoiztearen alde lan egiten duen plataforma brasildarrak “Gastronomia eraldaketa tresna gisa” nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 19 eta 20rako. Deialdia online jarraitu ahal izango da eta haren helburua da «erronkaz beteriko» garaiotan gastronomiak «iraunkortasunaren arloan duen eraginari buruz» hausnartzea eta «belaunaldi gazteak behar ditugun aldaketen munduan» engaiatzea.

Erronka horietaz hitz egiteko nazioarteko adituak gonbidatu dituzte. Asmoa da esperientziak trukatzea, ezagutza partekatzea eta lanerako tresnak eskaintzea. Publiko guztiarentzat irekita, gastronomiak duen eraginaren inguruan «kolektiboki kontzientziatzea» bilatzen du deialdiak.

Nabarmendu dutenez, garapen iraunkorreko ereduen aldeko apustua da ardatzetako bat eta hitzaldietan eta tailerretan parte hartzeko dei zehatza egin diete sektoreko profesionalei, «eztabaida horrekiko interesa duten pertsonei eta, batez ere, munduko eremu askotako gazteei, zeintzuei gure ekoizpen eta kontsumo moduen aldaketaren parte izateko deialdia egin zaien».

Ekonomia zirkularra, bioaniztasuna… hizpide

«Aurtengoaren moduko urte ezohikoan, ezin dugu iraunkortasunaren eztabaida bistatik galdu; aitzitik, asko eskatzen duen testuinguru konplexu batean kokatu behar dugu, eta gastronomiak gai izan behar du ekidin ezingo ditugun eraldaketa prozesuetara batzeko, aktiboki eta sormenarekin», adierazi du Jose Mari Aizeaga BCCko zuzendariak.

Aizeagak berak jardunaldietan parte hartuko du, azaltzeko nola «murriztu, konpondu, berreskuratu, berrerabili eta birziklatu, baita janariarekiko elkarrekintza ereduak nola berriro pentsatu eta irudikatu ere».

Programan, beste gai askoren artean, ekonomia zirkularra, biodibertsitatea, baliabideen maneiu efizientea, food design, kontsumoa, giza antolakuntza, hiriko ortu eta soroak, nowaste sukaldaritza, aktibismoa eta politika publikoak izango dira hizpide.

Izena emateko epea irekita dago https://sustainability.bculinary.com webgunean. Zuzenean lau hizkuntzatan transmitituko da, Zoom eta Youtube plataformen bidez, baina azken honetan itzulpenik gabe eta lehenengo egunean bakarrik, zehaztu dutenez.