Haurdunaldiak amak jaten duenak eragiten al du haurraren gustuetan?
Dastatuz proiektu pilotuak haurtzaroan fruta eta barazkiak ukatzeko arrazoiak identifikatu eta horietan eragin nahi du.
Haurtzaroan elikagai berriak ukatzea ohikoa izaten da. Elikadura neofobia esaten zaio horri eta bereziki umeen fruta eta barazkien kontsumoan eragiten du, modu negatiboan. Haurren %20-30ek bakarrik betetzen ditu fruta kontsumo gomendioak eta %10ek soilik barazkienak. Bestalde, elikadura orekatu bat ez jarraitzea haurtzaroko obesitatearen eta harekin erlazionatutako gaixotasunen kausetako bat da.
Dastatuz izeneko proiektu pilotuak haurtzarotik elikadura osasuntsu bat ezartzea du helburu, haurdun dagoen amaren elikadura eta elikadura osagarrian eraginez. Hartara, fruta eta barazkiekiko neofobia gutxituko duen alderdiak identifikatu nahi ditu. Haurraren elikagaien aukeraketa zabaldu al daiteke amaren elikadura eta elikadura osagarria bezalako etapa goiztiarretan eraginez? Literatura zientifikoan gai hau sostengatzen duten hipotesiak badaude, baina geure inguruan espezifikoki heltzen duen lanik ez dago.
Boluntarioen laguntza
Dastatuz proiektuaren fase pilotua martxan jarri zenetik urtebete bete da. UPV/EHU eta Osasun Ikerketa Institutuen (Bioaraba, Biodonostia, Biocruces-Bizkaia) elkarlanetik sortutako eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko babesa duen proiektua da hau. Orain ekimen hau aurrera eraman ahal izateko parte hartu nahi duten boluntarioen laguntza behar da. Haurdunaldiko zazpigarren hilabetera iritsi ez diren eta beren haurtxoaren elikadura zaindu nahi duten emakumeek proiektuan parte hartzeko aukera daukate. Informazio gehiago jasotzeko, iratxe.urkia@ehu.eus helbidera idatzi daiteke edo 644099719 zenbakira whatsapp bat bidali.