GAUR8

Medikamentuen preskripzioetan akatsak detektatzeko zerbitzu bat aztertzen ari dira

Medikamentuen preskripzioetan egon daitezkeen akatsak eta desadostasunak detektatzeko zerbitzu batek zer eragin izan dezakeen ebaluatu dute EHUn. Bidasoan burutu duten esperientzian komunitate-farmazien parte hartzea funtsezkoa izan da.

Ainhoa Oñatibia ikerlaria. (EHU)
Ainhoa Oñatibia ikerlaria. (EHU)

«Askotan pazienteen tratamendu aktiboaren orrian preskribatuta dauzkaten sendagaiak eta benetan hartzen dituzten sendagaiak ez datoz bat», azaldu du EHUk, eta zehaztu du mundu mailan, medikazio-akatsak hamar heriotza-kausa nagusietako bat direla.

Testuinguru horretan, Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Ainhoa Oñatibiak errealitate hori ikertu du, eta azaldu duenez, «asko dira tratamendu aktiboaren orrian agertzen diren medikamentuak hartzen ez dituzten pazienteak, tratamendu aktiboaren orrian agertzen ez diren medikamentuak hartzen dituztenak, agindutako dosifikazio-pauta jarraitzen ez dutenak, agindutako posologia jarraitzen ez dutenak eta tratamendu bikoiztua dutenak». Kasu horiei medikazio-akats edo medikazio-desadostasun esaten zaiela argitu du.

Medikamentu bat kentzea lortu da

Errealitate horren aurrean Bidasoako ESIarekin eta inguruko komunitate-farmaziekin lankidetzan, ikerketa bat jarri zuen martxan. Prozedura zen farmazietan hautematen zituzten medikazio-desadostasunak lehen arretako profesionalei jakinaraztea haiek azter zitzaten. «Zerbitzu horren bidez lortu zen ikerketan parte hartu zuten pazienteei batez beste medikamentu bat kentzea», azaldu du Oñatibiak, eta nabarmendu du «polimedikatuta dauden pertsonei medikamentu bat kentzea oso garrantzitsua» izan daitekeela, «frogatuta baitago tratamenduarekiko atxikidura hobetzen dela, eta, gainera, osasun-sistemaren kostua ere gutxitzen» dela.

Oñatibiaren esanetan, «pazienteek botikak era egoki batean hartzen badituzte, zentzuzkoa da pentsatzea ospitaleratzeak eta larrialdietako artatzeak gutxitu egingo direla», eta emaitzak zenbatekoetara ekarriz, frogatu dute paziente bakoitzaren kostua 445 euro inguru jaitsi dela.

Ikertzaileak adierazi du ikerketa zabaldu beharra dagoela. «Bidasoako eskualdea txikia da, eta paziente-kopurua ere ez da handia izan; beharrezkoa da toki handiagoetan probatzea», adierazi duenez.

Protokoloa prestatzen

Zerbitzuaren protokoloa prestatzen ari dira, funtsezkoa baita hori ikerketa zabaldu ahal izateko. Oñatibiak nabarmentzen duenez, agerian geratu dena da «komunitate-farmazialariak baliagarriak izan daitezkeela medikazio-akatsak detektatu eta ekiditeko». Horregatik, «komunitate-farmazialariak zerbitzuetara bideratzea da helburuetako bat. Hau da, ez bakarrik pazienteari medikamentuak helaraztea edo saltzea, baizik eta komunitate-farmazialariaren figurak nabarmendu egin behar du pixka bat rol horretatik», aipatu du ikertzaileak.

EHUk gogoratu duenez, medikazio-akatsek osasunean eta ekonomian eragiten duten inpaktua dela-eta, Osasunaren Mundu Erakundeak berak horiek murriztea sartu du Pazientearen Segurtasunaren Erronka Globalean.