«Film Sozialak» Zinema Ikusezinaren Nazioarteko 13. jaialdirako lanak aurkezteko epea zabaldu dute
Maiatzaren 1era arte zabalik egongo da lanak aurkezteko epea, urriaren 14 eta 21 bitartean ospatuko den «Film Sozialak» Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren 13. edizioan parte hartzeko. Hitzorduaren ardatz tematikoak: giza eskubideak, garapen jasangarria, kulturartekotasuna eta genero berdintasuna.
Kultura Communication Desarrollo (KCD) GKEk antolatuta, “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren 13. edizioa lan berriak jasotzeko prest dagoela iragarri dute. Izena emateko epea maiatzaren 1era arte egongo da zabalik eta jakitera eman dutenez, jaialdia urrian ospatuko da, 14tik 21era.
Giza eskubideak, garapen jasangarria, kulturartekotasuna eta genero berdintasuna dira jaialdira aurkeztutako lanen ardatz tematikoak, «konpromiso sozialez» betetako filmen eskaintzarekin jarraitzeko.
Munduko puntu ezberdinetatik helduta, ohiko pantailetan ikusten ez den zinema ikusteko parada eskaintzen du urtero jendartea sentsibilizatzea eta hausnarketa bultzatzea helburu dituen jaialdiak.
Azken edizioaren barruan 46 herrialdetako 84 lan ikusi ahal izan ziren eta mila lan baino gehiago jaso zuen deialdiak.
Jaialdiak, gainera, «berdintasunaren aldeko kuotak» betetzen ditu «emakumezko zinemagileen presentzia bermatzeko eta epaimahaikideak hautatzeko».
Telebistan ikusten ez dena
Zinema Ikusezinaren edizio berria iragartzeko ahots ezberdinak bildu dituzte bideo batean. Gehienek aipatzen dute Bilboko jaialdiak beste bide batzuetatik ikustea zaila izango litzatekeen lanak jartzen dituela publikoaren eskura, eta jorratzen dituzten edukiak nabarmendu dituzte, baita mezuak publiko gaztearentzat duen garrantzia ere, aparteko errealitateak transmititzea duen balioa kontuan hartuta.
Oinarriek jasotzen dutenez, «munduko edozein tokitako pertsona eta talde guztiek aurkez dezakete euren lana, ez baita kontuan hartuko ez jatorria edo nazionalitatea, ez filma beste jaialdi batzuetan aurkeztu den ala ez».
Era berean, lanak fikziozkoak dokumentalak edo animaziokoak izan daitezkeela zehaztu dute, baldintza da jaialdiaren ardatz tematikoetako bat jorratzea.