GAUR8

Haurtzaroko sexu abusuen biktimen eta erasotzaileen tratamenduen ikuspegi berriak

Bi adituk, Enrique Echeburuak eta Cristina Gerricaechevarriak, haurtzaroan gertatzen diren sexu abusuen biktimen eta erasotzaileen tratamenduetan oinarritutako liburua argitaratu berri dute. Lanaren gainean, azaldu dute abusuaren «ikuspegi kliniko eta forentse berriak» aztertzen dituela.

Enrique Echeburua, liburuaren egileetako bat. (EHU)
Enrique Echeburua, liburuaren egileetako bat. (EHU)

Sexu abusuak pairatu dituzten haurrekin eta familiekin izandako prozesu terapeutikoetan eta abusatzaileekin izandako esku hartze esperientzietan oinarritzen da Enrique Echeburua EHUko Psikologia Klinikoko katedraduna eta Cristina Gerricaechevarria psikologoaren “Abuso sexual en la infancia. Nuevas perspectivas clínicas y forenses” (Arel, 2021) argitaratu berri den liburua.

«Haurren aurkako indarkeria mota okerrenetako bat da, eta indarkeria horren ondorioek tratamendu psikologiko egokia jasotzen ez badute bizitza osorako kalteak egin diezazkiokete biktimari», azaldu du EHUk argitalpena hizpide, eta gaur egun irtenbide berriak eskatzen dituzten fenomeno berriak gertatzen direla.

Testuinguru horretan, Echaburuak adierazi du taldean egindako sexu erasoek edo teknologia berrien bidezkoak «abusu modu berriak» ekarri dituztela, hala nola sexting-a edo online grooming-a.

«Arlo judizialean aldaketa garrantzitsuak izan dira sexu abusuaren biktima izan diren eta horren inguruko salaketa jarri duten adingabeen bigarren mailako biktimizazioa saihesteko», esan du adituak, eta gogoratu du «abusua pairatu duten adingabeen tratamendu judizialean, aurrez eratutako proba eta, oro har, jardunbide egokiak nabarmen garatu» direla. Zehaztu du, era berean, sexurako adostasun adina aldatu egin dela, «lehen 13 urte behar ziren, orain, ordea, 16», eta delituen preskripzio epea ere aldatu dela.

Sexu abusuen berri berandu ematearen fenomenoa ipini du mahai gainean. Bere ustez, «ikuspegi psikologikotik azalpen egokia eskatzen du, eta ikuspegi judizialetik, aldiz, delituaren preskripzioa berriz aztertzea edo biktimak konpentsatzeko beste aukera batzuk bilatzea, bitartekaritza prozesuetan eta justizia leheneratzailean oinarrituta».

Egileek benetako kasu klinikoak lantzen dituzte liburuan, biktimen zein erasotzaileen terapietan oinarrituta. Biktima izan diren haurrekin eta familiekin aldi berean jardutearen alde azaltzen dira. «Erronka gisa» abusuen «ondorio psikopatologikoen ezagutzan eta kalteberatasun eta babes faktoreek bitartekari gisa duten zereginean sakontzearen alde» egiten dute.

Azaldu dute, bestalde, ez dagoela biktimaren profil bakar bat, banakoen arteko desberdintasunak presente daudela, eta ez dagoela erantzun aldaezin bat egoera traumatiko baten aurrean. «Adingabeen erresilentzia erraztuko duten gakoak lortzea da helburua», adierazi dute, eta herrialde batzuetan sexu abusatzaileekin prebentzio programa goiztiarrak gauzatzeko egin diren ahaleginak aipatu dituzte, «bai adingabeen biktimizazioa saihesteko, bai abusu jokabideetan oraindik inplikatuta ez dauden gizonezko nerabeen artean pedofilia motako fantasia desbideratuak antzemateko».