Sopelan hasi du bere ibilbidea ikastolen «Liburu Ibiltaria»-k
Euskal Herri osoko 21 ikastoletako DBH3ko ikasleak «Liburu Ibiltaria» idazten eta ilustratzen joango dira hurrengo hilabeteetan. Ekimena Sopelan abiatu da aste honetan, eta Lizarrako ikastolan amaiera emango diote Nafarroa Oinezean ikusgai izango den ekimen horri.
Covid-19aren pandemiaren ondorioz bertan behera geratu ziren iazko ikastolen jaiak. Osasun egoera ez dago oraindik kaleko giroko ospakizunak egiteko, baina jai horien helburuak ziren euskaraz bizitzea, pentsatzea edota dibertitzea beste formatu batzuetan eskaintzeko ekimenak ari dira antolatzen, eta “Liburu Ibiltaria” horietako bat da.
Egitasmoa ostegun honetan jarri da martxan Sopelan, ikastolen jaiek bultzatzen duten “Ikastolak Herriari” ekimenaren barruan. Sopelako Ander Deuna ikastolako DBH 3ko ikasleei egokitu zaie «liburua idazten eta ilustratzen hasteko enkargua». Handik Leioara joango da hurrengo egunetan, bertako Betiko Ikastolako ikasleek jarraipena eman diezaioten.
Izan ere, aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileak diren Sopela eta Leioako ikastolak izango dira Liburu Ibiltariaren hasierako orrialdeak eduki ezberdinekin beteko dituzten lehenak. Liburua ez da soilik jaiak antolatzen dituzten ikastetxeetako ikasleen eskuetatik pasako. Zeregin kolektibo horretan, azaldu dute «Euskal Herri luze zabaleko 21 ikastoletako DBH3ko ikasleen» parte hartuko dutela.
Nafarroa Oinezean, panela
Liburuari amaiera emateko arduradunak Lizarrako ikasleak izango dira, eta aurreratakoaren arabera, lana amaitu eta Nafarroa Oinez egunean bertan, panel handi batean jarriko dute ikusgai. Horrez gain, ekimenean parte hartzen duten ikastola guztiek edizioaren ale bana jasoko dute oroigarri gisa.
Ikastolen Elkartetik azaldu dutenez, herrialde ezberdinetako ikastolen jaien helburuetako bat gazteei euskaraz ongi pasatzeko, esperimentatzeko eta sortzeko aukerak ematea da. «Liburu ibiltariaren ekimenarekin, aukera hori zabaldu zaie DBH3ko ikasleei eta, aldi berean, 21 ikastola horien arteko elkarlana sustatu nahi izan da, eta eremu soziolinguistiko desberdinetan kokatuta egonik, errealitate horien guztien isla ere izan nahi du», nabarmendu dutenez.