GAUR8

Pandemian premiazko ebakuntza gastrointestinaletan izan den jaitsieraz ohartarazi dute

EHUko ikerketa batek ondorioztatu du pandemian premiazko ebakuntza gastrointestinalak nabarmen jaitsi direla. Egoera larri batzuetan premiazko arreta medikorik eskatu ez izana Covid-19arekin gaixotzeko beldurrarekin lotuta egon daiteke, baina ikusi dutenez heriotza kopuruaren hazkunde osoa ez dago Covid-infekzioagatik justifikatuta.

Lusi Bujanda Medikuntzan katedraduna, irudian. (EHU)
Lusi Bujanda Medikuntzan katedraduna, irudian. (EHU)

Iazko martxoan eta apirilean, pandemiaren gailurrean, Covid-19arekin lotura ez zuten patologiek eragindako ospitaleratze-kopurua %36 jaitsi zen, aurreko urteko aldi berarekin konparatuta.

Luis Bujanda EHUko medikuntza katedradunak adierazi duenez, «arreta handia» eman zien denbora tarte horretan «nola jaitsi zen ebakuntza gastrointestinal urgenteen kopurua».

Biodonostia Institutuko digestio-aparatuko gaixotasunen arloaren zuzendari eta Gibeleko eta digestio-aparatuko CIBEReko taldeburua den Bujandak egoeraren inguruko ikerketa bat koordinatu zuen.

Egiaztatu zutenez, Covid-19aren pandemiaren lehen olatuan %25 jaitsi ziren abdomeneko kirurgia urgenteen kopurua (apendizektomiak, kolezistektomiak, uzki-ondoesteko abzesuak). Era berean, %44 jaitsi ziren «digestio-aparatuko odoljarioetan eta gorputz arrotzen inpaktazioetan» egiten diren endoskopia urgenteen kopurua, eta teorian, ezin dira 24 ordu baino gehiago atzeratu, zehaztutakoaren arabera.

Horren ondoan, heriotza-tasa aztertuta, pandemiaren aldi horretan bertan %43 handitu zela ikusi zuten, eta «igoera horren %25 baino ez dago justifikatuta Covid-infekzioen ondorioz». Horri erantsi diote zulaketa gastrointestinalen kopurua %40 handitu zela.

Patologiak, oso aurreratuta ospitalera

Bujandak azaldu duenez, «heriotza-kopuru hori ez da Covid gaitzak bakarrik eragindakoa, ospitalera jotzen ez duten edo ospitalera oso egoera aurreratuetan iristen diren beste patologia batzuek eragindakoa ere bada».

Gogoratu dutenez, garai hartan larrialdi zerbitzuek eta ospitaleek kolapso egoera batean zeudenez, osasun agintariek etxean geratzeko agindu zuten eta ezinbestekoa ez bazen larrialdietara edo lehen mailako arreta zerbitzuetara ez joateko gomendioa zabaldu zuten.

Ikerketak datuak azaltzeko hainbat arrazoi aipatzen ditu. katedradunak azaldu duenez, «seguru asko paziente batzuek bere sintomak minimizatu zituzten eta ohi baino denbora gehiago itxaron zuten».

Hala ere, aipatu du balitekeela antibiotikoen erabilera handiago bat izatea eta egoera batzuetan «infekzio prozesuak kontrolatzeko aski ez izatea» eta egoera larriago amaitzea, «zulaketa gastrointestinalen ondoriozko peritonitis sekundario gisa».

Hala ere, Bujandak ez du azalpen argirik ikusten koloneko buxaduraren protesi bidezko tratamenduan eta koloneko bolbuluen endoskopia bidezko tratamenduan izan den jaitsiera azaltzeko, «baina litekeena da lotuta egotea abdomen akutuan eta periotonitisean gerta litekeen igoerarekin».

Bujandak gogorarazi du «24 orduren buruan atzera egiten ez duten sintoma berriak izanez gero, medikuari kontsulta egin behar» zaiola eta gomendagarria dela aurrez aurreko bisita egitea, behar bezalako azterketa bat egiteko.