GAUR8

Gipuzkoa Encounter birtuala ostiraletik igandera: 456 zale eta dozenaka ekintza

Hemendik ordu batzuetara Gipuzkoa Encounter topaketa teknologikoaren 15. edizioa jarriko dute abian, 456 jarraitzaile zuzenekin eta ekitaldiz beteriko egitarauarekin. Aurtengo topaketa birtuala izango da eta antolatutako zenbait hitzaldi publiko osorik jarraitu ahal izango dira.

Gipuzkoa Encounter Tolosan, artxiboko irudian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Gipuzkoa Encounter Tolosan, artxiboko irudian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Gipuzkoa Encounter topaketa teknologikoa bihar hasiko da eta igandera arte ospatuko da formatu birtualean. Topaketak 456 plaza eskaintzen jarraituko du, Tolosako Usabal kiroldegian izan ohi zituen plaza kopuru berari eutsiz.

Deialdi berriak dakarren programazioa azpimarratu dute antolatzaileek, 22 lehiaketa eta 12 hitzaldi aurreikusten baititu hurrengo orduetan. Hitzaldi horietako lau, gainera, publiko osoarentzat ikusgai izango dira Twitcheko kanalaren bidez (https://www.twitch.tv/euskalencounter).

Aurreratutakoaren arabera, sare sozialen kudeaketa eta musika sortzeko aplikazioen erabilera izango dira hitzaldietan landuko diren gaietako bi.

Solasaldien atala Vicomtech enpresako Unai Elordik zabalduko du bihar, 16:30ean, “Deep Fakes” gaiaren inguruko hitzaldi batekin. Adimen artifizialean oinarritutako aplikazioak jatorrizko bideo eta irudiak manipulatzeko aukera ematen du, baita material horien bertsio alternatiboak sortzeko ere.

Ostiralean bertan, ordubete beranduago, Euskalhack elkarteko Roberto Casadok Linux sistemaren zibersegurtasunaz hitz egingo du.

Lehiaketak, arloka

Lehiaketen atalari dagokionez, hainbat arlotan banatua izango dela aurreratu dute antolatzaileek. «Arte digitalean 11 kategoria egongo dira, musika digitaletik hasi eta film laburretaraino, diseinu grafikotik pasatuz», aurreratu dutenez.

Hardware arloan, 3D inprimaketa edo ordenagailuen aldaketa estetikoaren eremuan sei lehiaketa izango dira eta «software librearen eremuak, programatzaileak, informatikoak eta zibersegurtasunean adituak biltzen dituen guneak bi lehiaketa izango ditu».

Ospe handia duten jolas-jardueren eta bideo-jokoen atalez, antolatzaileek aipatu dute ez direla faltako marrazki analogikoa eta zinemari buruzko Trivial moduko jokoa eta League of Legends txapelketa. Oraingoan ere Circuito Tormenta jokoaren geltokietako bat izango da Gipuzkoa Encounter.   

Antolatzaileeak «festa teknologiko arrakastatsua» espero dute, aurreko edizioetako antzera. Aurten, gainera, azaldu dute osasun egoeragatik dauden mugak direla-eta Gipuzkoa Encounter «isolamenduari aurre egiteko topalekua» izango dela.