GAUR8

Elorrion bisita gidatuak antolatu dituzte Argiñetako Nekropolira

Elorrioko Turismo Bulegoak lau bisita gidatu antolatu ditu apirilaren 1 eta 4 bitartean Argiñetako Nekropolian. Hogei hilobik eta bost hilarrik osatzen duten multzoa San Adrian baselizaren inguruan dago. Euskal Herriko kristau inskripzio zaharrenetakoak ditu.

Argiñetako Nekropolia, irudian. (Elorrioko Udala)
Argiñetako Nekropolia, irudian. (Elorrioko Udala)

Elorrioko Turismo Bulegoak Aste Santura begira zabaldu duen bisita programak aukera paregabea eskaintzen du Argiñetako «altxor historikoa» ezagutzeko.

San Adrian baselizaren inguruan kokatuta, hogei hilobik eta eta bost hilarrik osatzen dute Argiñeta hileta multzoa, eta Bizkaiko arkeologiaren esparruan «lehen mailako ondare-elementua» da.

Goi Erdi Aroan datatua, bere ezaugarrietan Euskal Herriko multzorik inportanteenetakoa da, «elementuen kantitate eta kalitatearen aldetik eta horietako batzuen kronologia urrunaren aldetik», Bizkaiko Foru Aldundiak ondare historikoari dagokion atalean jasota duenez.

Oiz mendiko harrobietako hareharriaz eraikiak, pieza bakarreko kaxa antropomorfoa eta teilatu moduko triangelu erako estalia dituzte. Agertzen diren zenbait inskripzio Euskal Herriko kristau inskripzio zaharrenetakoak dira.

Aste Santuan zehar ingurura bertaratu eta multzoak duen balio historikoa azalduko duten bisitetan parte hartzeko aukera izango da “Argiñetako altxorrak” izeneko programaren barruan.

Iragarritakoaren arabera, bisitek hiru euroko prezioa izango dute eta talde txikietan egingo dira, euskaraz eta gazteleraz. Lehenegoa apirilaren 1ean izango da.

Parte hartu nahi dutenek aurretik izena eman behar dutela ohartarazi dute, Turismo Bulegoko telefenora deituta edo info@elorrioturismo.eus posta elektronikora mezua bidaliz.