GAUR8

Arrano arrantzaleen lehenengo arrautza Urdaibain

Pandemiaren erdian albiste onak naturak eman ditu eta Urdaibaitik datoz. Bertan aspaldiko partez habia egin duen arrano arrantzaleen bikoteak bere lehen arrautza du, eta ziurrenik bigarren bat izango du. Ikusminak Euskal Herriko mugak gainditu ditu.

Arrano arrantzaleen lehenengo arrautza, Urdaibain. (Urdaibai Bird Center)
Arrano arrantzaleen lehenengo arrautza, Urdaibain. (Urdaibai Bird Center)

Naturak berea egin du Urdaibain eta albiste onak ekarri ditu Euskal Herriko eta munduko etxe askotara paduretako leihoa den Urdaibai Bird Centerren (UBC) kamerei esker. Arrano arrantzaleen bikote batek bertan egin du habia, aspaldiko partez, eta gainera bere lehen arrautza jarri berri du baina gehiago hel daitezke.

«Askok orduak eta orduak eman ditugu telebista edo ordenagailuaren pantailaren aurrean bikote horren jarraipena zuzenean ikusten, eta itxaronaldiak merezi izan du», adierazi dute UBC-eko adituek.

Azken egunean zuzenean jarrai daiteke etxetik arrano arrantzaleen habiaren inguruko bizitza, zentroko adituek jarritako kamerei esker. Ikusmina Euskal Herriko mugak gainditu ditu eta beste herrialde batzuetatik habi horretan zer gertatzen ari den jarraitzen ari dira etxe askotatik.

Ikusmina ez da lehen arrautzarekin bukatu. UBC-eko iturriek ohar batean azaldu dutenez, «hirugarren urteko eme gaztea denez, ziurrenik bi arrautza errungo ditu, eme helduek hiru eta salbuespen gisa lau erruten baitituzte».

35 eguneko inkubazioa

Arrautzak egun eta erdian edo bi egunetan erruten dituzte eta txitaldiak 35 egun irauten ditu, beraz pantailara adi dagoenak ziurrenik beste arrautza bat ikusteko aukera izango du eta hilabete luzean arrano arrantzaleen lehen txitaren edota txiten jaiotzak.

Bitartean, adituek diotenez, ikusteko dago Roy izena duen arra «arrantzale bikaina» den «lazunak, lupiak edo muxarrak habiara ekarriz».

Bikoteak jarraitzaile asko omen ditu. Esan dutenez, Estatu frantsesean, Ingalaterran eta Eskozian, «jatorri frantses-eskoziarreko familia honen bilakaeraren zain gaude».