GAUR8

Bizilabek eskaintzen dituen zientzia jardueretan izena emateko epea zabaldu dute

Gaztetxoen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa sustatzea helburu duten Bizilabe egitasmoetan izena emateko epea zabaldu dute Bizilabe Elgoibar, Bilbo eta Soraluzen. Urrian hasita eta ekainera arte, tailerrak, esperimentuak, talde lanean garatutako proiektuak edota eskualdeko ikerketa zentroen bisitak aurreikusten ditu aisialdi eskaintzak.

Bizilabe zientziari lotutako aisialdi eskaintzaren jarduera bat, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Bizilabe zientziari lotutako aisialdi eskaintzaren jarduera bat, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Zientzia jardueretan oinarritzen den Bizilabe aisialdi eskaintzak izena emateko epea ireki du. Elgoibar, Bilbo eta Soraluzeko udalek Elhuyar Fundazioarekin batera sustatzen duten egitasmoa da, eta aurtengoa bere laugarren edizioa izango da.

«Herriko gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa, ekintzaletasuna eta sormena» bultzatzea helburua izanik, urritik 2022ko ekainera 10 eta 16 urte bitarteko gazteentzako tailerrak eta proiektu ezberdinak antolatu dituzte, tokian tokiko Bizilabe egoitzetan.

Parte hartzen duten gazteek alor ezberdinetako zientzia eta teknologia esperimentuak egin ahal izango dituzte. Era berean, talde lanean proiektuak garatzeko aukera izango dute, ikertzaileen profesionalen gidaritzarekin.

Bizilabe esperientziaren bultzatzaileek proiektuak bizipenen aldetik duen proiekzioa eta komunitatearekin dituen loturak nabarmendu dituzte.

Ikerketa zentroak eta enpresak

Gogoratu dute STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak ingelesez) bultzatzea dela «komunitatearen apustua», eta proiektuaren plangintzaren barruan Bizilabeko gazteek eskualdeko ikerketa zentroak eta enpresak bisitatzeko aukera izango dutela.

Hainbat zientzia jarduera, gainera, herrietako eragileekin elkarlanean antolatuko direla zehaztu dute. Bizilabe bezalako ekimenen proiekzioaz gogora ekarri dute ikasturte honetan «arrakasta handiz ospatu den Nazioarteko Neska eta Emakume Zientzialarien Eguna edo herrietako ikastetxeetan egin diren zientzialarien topaketa eta tailerrak».

Ikasturte barruan izena emateko lehenengo txanda ekainaren 10era arte egongo da zabalik, Bizikabe Bilbo, Elgoibar edo Soraluze webguneetan. Ekainaren 10etik aurrera, libre geratu diren plazetan izena emateko aukera zabalduko dute.