GAUR8

Ikergazte kongresua Gasteizen, 200 ikertzaile eta 150 artikulu euskarazko produkzio zientifikoa sustatzeko

Ikergazte Kongresuaren laugarren edizioa Gasteizen ospatuko da ekainaren 9tik 11era. Euskal ikertzaile gazteen nazioarteko ikerkuntza berton ezagutzera eman eta elkarren arteko ezagutza sustatu nahi duen biltzarrean, 150 artikulu zientifiko aurkeztuko dira eta nazioarteko adituen hitzaldiak eta bestelako proposamen ludikoak izango dira.

Ikergazte Kongresuaren Baionako edizioa, irudian. (UEU)
Ikergazte Kongresuaren Baionako edizioa, irudian. (UEU)

Ekainaren 9an hasita eta 11ra arte, Gasteizen Ikergazte Kongresua ospatuko da, Europa Jauregian. Laugarren edizio honetan 200 ikertzaile baino gehiagok parte hartuko du, eta hiru egunetan zehar 150 artikulu zientifiko aurkeztuko dira.

Helburua «elkar ezagutzea eta euskarazko produkzio zientifikoa sustatzea» izanik, biltzarrak nazioarteko ikertzaileen hitzaldiak, mahai-inguruak, aurkezpenak eta ekintza ludikoak izango ditu.

UEUk (Udako Euskal Unibertsitatea) antolatuta, biltzarreko saioak aurrez aurrekoak izango dira, osasun egoeraren aurreko neurriak kontuan hartuz.

Horrekin lotuta, onartu dute antolatzaileek Covid-19a dela eta antolakuntza ez dela erraza izan, baina Olatz Arbelaitz kongresuko zuzendariak nabarmendu duenez, «beste helburu batzuen artean ikertzaile gazteek elkar ezagutzea duen kongresua ezin imajina genezakeen urruneko moduan eginda».

Inoiz baino gehiago

Euskal ikertzaile gazteen nazioarteko ikerkuntza etxean ezagutarazi nahi duen biltzarraren edizio honek «sekula baino ekarpen gehiago» jaso du. Zehaztutakoaren arabera, 150 lan aurkeztuko dira: 58 ahozko eta 92 poster. Gehiengoa zientzia zehatzak eta Natur Zientzien ingurukoak dira (42), gizarte zientziak eta zuzenbidearen ingurukoak (39), osasun zientziekin lotutakoak (27), ingenieritza eta arkitekturaren arlokoak (24) eta 18, giza zientziak eta artearen gainekoak.

Jakintza-alor bakoitzean lanik onenak saria izango du kongresuaren azken egunean, Gasteizko Udalaren eskutik.

“What is de feminism research in art history?” hitzaldia izango da kongresuari hasiera emateko antolatutako proposamenetako bat eta Gasteiz eta Arabako historia, herri mugimenduak eta euskalgintzako eragileak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Hitzorduaren inguruan, Kepa Sarasola UEUko zuzendariak gogoratu du ia 50 urteko ibilbidean, «euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea» UEUren helburu garrantzitsuenetako bat izan dela.

«Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikerlariak hain sakabanatuta egonda», adierazi du.

Inma Arostegi EHUko Ikerketa errektoreordeak azpimarratu du, bestalde, «gure hizkuntzak terminologia zientifikoa, bibliografia, material didaktikoa eta, batez ere, euskara lanean erabiliko duten ikertzaileak» behar dituela, eta UEU eta EHUren arteko «elkarlan handia» gogoratu du.