GAUR8

Adimen desgaitasuna duten 239 lagunentzako eskaintza, Gorabideren Udako programan

Gorabide, adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko elkarteak 239 plaza eskainiko dituen udako programa berri bat plazaratu du. Errutinatik atera eta elkarren arteko harremanetan sakondu nahi duen ekimenak astebeteko oporraldiak eta eguneko txangoak prestatu ditu, osasun neurrietara egokituta.

Gorabideren oporraldien itzulera, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Gorabideren oporraldien itzulera, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Gorabideko Astialdi Zerbitzuak adimen desgaitasuna duten lagunei zuzendutako urteroko udako programa zabaldu du. Aurten, bigarren urtez, osasun egoera dela eta, eskaintza prebentzio neurrietara egokitu behar izan da, eta astebeteko egonaldiak eta eguneko txangoak izango dira jarduera nagusiak.

Astebeteko oporraldiei dagokienez, Bizkaiko establezimendu ezberdinetan 119 leku eskainiko dituzte hamabost txandatan banatuta. Egun osoko txanden kasuan, 120 leku aurreikusi dituzte eta eguneko hogei txandatan burutuko dituzte.

Covid-19aren eraginez, taldeak udako ohiko programetan baino txikiagoak izango dira baina pasa den urtekoak baino apur bat handiagoak, «erabiltzaileen autonomia eta laguntza-beharrizanen arabera».

70 boluntario baino gehiago

Zugaztieta, Balmaseda, Mungia, Lekeitio eta Durango izango dira oporraldietarako aukeratutako helmugak, aterpetxe eta hoteletan. Zentroetara bisitaldiak, hondartza, igerilekuak, zinea, ibilaldiak edota itsasontziz zeharbideak dira prestatutako jarduera batzuk.

Tankera horretakoak izango dira, era berean, eguneko txangoetarako programetako jarduerak Elantxoben, Gaztelugatxen, Algortako Kirol Portuan, Plentzian edota Sopelan, besteak beste.

Udako programa urte osoan zehar konpromiso eta inplikazio handia erakusten duten 72 boluntarioren laguntzarekin burutuko da, Gorabidetik nabarmendu dutenez. Osasun egoeraren aurreko segurtasun neurrietan prestakuntza jaso dutela zehaztu dute, aurreikusita baitaude Covid-19aren aurkako protokoloa eta kontingentzia plana.

Gogoratu dutenez, egonaldien helburua ez da bakarrik adimen ezgaitasuna duten lagunen aisialdia aberastea, «onura handia dakarte desgaitasuna duten pertsonentzat zein beren familientzat».