GAUR8

«Zein da gure erantzukizuna adikzioetan?», AERGI elkartearen hitzaldia

Gela irekien zikloaren barruan, AERGI errehabilitazioan dauden alkoholiko eta beste mendekotasunak dituzten pertsonen Gipuzkoako elkarteak «Zein da gure erantzukizuna adikzioetan» galderaren inguruko eztabaida zabaldu nahi du hitzaldi batekin. Astelehenean izango da elkartearen egoitzan, eta online jarraitzeko aukera izango da.

Adikzioetan norberak duen erantzukizuna aztzertuko dute AERGIk antolatutako hitzaldian. (Joxe LACALLE)
Adikzioetan norberak duen erantzukizuna aztzertuko dute AERGIk antolatutako hitzaldian. (Joxe LACALLE)

Mendekotasunetan dauzkagun erantzukizunen inguruko analisian sakondu nahi duen topaketa astelehenean izango da, AERGI elkartearen egoitzan bertan. Rogelio Fernandez Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien arloko irakaslea izango da hizlari gonbidatua, mendekotasunean zentratuta, «gutako bakoitzaren bizi-erantzukizunen errepasoa» egiteko.

Hitzaldiari titulua ematen dion galdera bera planteatuko du adituak, norberaren erantzukizunen inguruko hausnarketa zabaltzeko. Gaiaren inguruan, hitzaldiaren atarian Fernandezek gogora ekarri du online jokoaren publizitate-araudi berria.

Nabarmendu duenez, «adikzio horren aurkako borrokan urrats handia» da, «zalantzarik gabe», eta askotan adikzioaren «errua» joko horretara iristeko erraztasunari egozten zaio, ageriko iragarki kopuru handiari. «Horrek guztiak mendekotasunaren gaixotasunean du eragina, baina erantzukizun handiena gurea da, adikzio-portaeran parte hartzen dugunean eta behin eta berriz errepikatzen dugunean. Erraza da baloiak kanpora botatzea eta arazo hori guk sortu dugula ez ikustea», azaldu du irakasleak.

Sare sozialak eta eragin dezaketen frustrazioa

Rogelio Fernandezen ustez, sare sozialek ere bere eragina dute auzi honetan, errealitatearekin zerikusirik ez dituzten ikuspegiak sortzen dituztelako, eta horrek frustrazioa eragiten du erabiltzaile askorengan.

Planteatzen duenez, oso zaila da korrontearen aurka joatea, are zailagoa mundu hiperkonektatu honetan. «Sortutako estereotipo birtualetara ez iristeko beldurrak, hala nola edertasunak, gaztetasunak, arrakasta ekonomikoak, ametsezko bizitzak edo ‘dena polita da’ horrek frustrazioa sor diezaguke. Lortzen dugun hiperestimulazio horrek askoz ere ahulago egin gaitzake arazo baten aurrean, hala nola adikzioak, bai erortzean, bai suspertzean», nabarmendu du.

Hitzaldia egoitzan ospatuko da 19.30ean, edukiera mugatuarekin, eta aurreratu dutenez, online jarraitzeko aukera ere izango da, streaming bidez, www.aergi.es webgunean.