GAUR8

Dantza lurraldera hurbiltzeko garrantzia nabarmendu du DNAk programaren amaieran

Dantza lurraldera hurbiltzeko garrantzia agerian geratu da Atarrabiako kultur etxean egin den DNA Nafarroako Dantza Garaikidea programaren amaieran. Aurtengo egoitza artistikoen laburpen eta balantze "oso positiboa" egin dute antolatzaileek, eta dantza taldeek euren esperientzia artistikoak partekatu dituzte.

DNA Nafarroako Dantza Garaikidea
DNA Nafarroako Dantza Garaikidea

Atarrabiako kultur etxean DNA Nafarroako Dantza Garaikidea programa amaituta, dantza lurraldera hurbiltzeko garrantzia agerian geratu da. Jardunaldi horretan, aurten izan diren egoitza artistikoen laburpen eta balantze oso positiboak egin dituzte antolatzaileek, eta dantza taldeek euren esperientzia artistikoak partekatu dituzte.

Foru Gobernuak jainarazi duenez, Nafarroako Antzoki Sareko kultur guneekin elkarlanean aritu izana nabarmendu da, bertan gauzatu ahal izan baitira sormen proiektuak publikoaren aurrean. “Horrela, lurraldeak garrantzi handia hartzen du dantzaren hedapen eta ezagutzari dagokionez”, esan du DNAk.

Ekitaldian izan dira Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultura Ekintza Zerbitzuko kideak - Vianako Printzea erakundea, programa koordinatzen dutenak; lau egoitzetako dantza taldeak, eta egoitzak egin ziren kultur guneetako ordezkariak, Nafarroako Antzoki Sareko eta Baluarte Fundaziokoak, hain zuzen.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, edizio bakoitza bestek urrats bat da dantza garaikidea eta mugimendu arteak sustatzeko helbururantz. DNAk dantzaren inguruko sormen-prozesu osoaz arduratzen da, sorkuntzatik, egoitza artistikoen bidez, ekoizpen eta erakusketaraino.

“Prozesu hurbila da, eta aldeek lankidetza eta inplikazio estua dute”, gaineratu du DNAk. Egoitzez arduratzeaz gain, 2020ko ikerketa-proiektuetan garatu ziren ikuskizunak estreinatu ditu aurten. Edizio honetan, berritasun gisa, emanaldi horiek astebeteko egoitza teknikoa egin zuten, estreinaldia baino lehen.

Lau egoitza artistikoak

Aurten DNA programan egin diren egoitza artistikoak lau izan dira: Led Silhouetteren “Los perros”, Altsasuko Iortia Kultur Gunean garatua; Ghislaineren “0 ∞ LUZ gorputzaren soinuak”, Ribaforadako Juan Ducun Auditorioan egin zena; Zuk Dance-ren “Yerma”, Zizur Nagusiko kultur etxean, eta Qabalum Ciaren “La levedad”, Tafalla Kultur Gunean.

Gainera, DNA Atalak mugaz gaindiko sarearekin elkarlanean aritu da, besteak beste, Eva Guerreroren egoitza hartzeko, Dantzaz konpainiarekin batera, Lizarrako Los Llanos kultur gunean.