GAUR8

Berdintasunari buruzko ikerlanen lehiaketan lanak aurkezteko epea ireki du Emakundek

Emakundek jakinarazi duenez, berdintasunari buruzko ikerlanen lehiaketa abian da, eta abenduaren 17ra arte zabalik egongo da lanak aurkezteko epea. Balioen aldaketa, teknologian eta berrikuntzan hobetzeko estrategiak edota produkzio eta ugalketa eremuen arteko oreka handiagoa lortzea dira edizio honetan finkatutako lehentasunezko gaietako batzuk.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, artxiboko irudian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, artxiboko irudian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanen lehiaketaren bederatzigarren edizioa antolatu du, eta lanak aurkezteko epea abenduaren 17ra bitarte dago zabalik.

Ekimenaren bidez, emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzen laguntzen duten ikerlanak hautatuko dira, argitalpen digitalaren bidez zabaltzeko, azaldu dute Emakundeko iturriek.

Ikerlana argitaratzeko, ondoko alderdi hauek joko dira lehentasunezko gaitzat: balioak aldatzea, bereziki umeen eta gazteen artean; emakumeek zientzian, teknologian eta berrikuntzan duten kokapena hobetzeko estrategiak, hezkuntza, irakaskuntza eta enpresa arloetan; antolakunde sozioekonomikoko aldaketak, produkzio eremuaren eta ugalketa eremuaren artean oreka handiagoa lortzeko; eta emakumeen aurkako indarkeriaren arreta eta prebentzioa.

Ekoizpen intelektualari agerikotasuna ematea

Lehiaketaren sariaren bidez, jendaurrean jarri nahi da emakumeen eta gizonen berdintasunari laguntzen dioten gaiak ikertzen dituztenen ekoizpen intelektuala. Emakundek editatuko du lan saritua, eta bere webgunean argitaratuko du. Lanak aurkezteko epea zabalik dago jada eta abenduaren 17an amaituko da.

Ikerlana banaka edo elkarlanean egina izan daitekeela zehazten du ebazpenak. Era berean, «unitate akademiko berean edo diziplina arteko unitate akademiko batean» aurkez daitekeela aipatzen du.