GAUR8

DNA mitokondrialean alterazioak kontrolatzeko gai diren molekulak identifikatu dituzte

Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak eta Londresko University Collegek batera egindako nazioarteko ikerketa bati esker, zelulen DNA mitokondrialean gertatzen diren alterazioak kontrolatzeko gai diren molekulak identifikatu ahal izan dira. Aurkikuntzak bide berriak zabaltzen ditu gaixotasun batzuen garapenaren kontrolean.

Azterlanean parte hartu duten ikertzaileak. (Ikerbasque)
Azterlanean parte hartu duten ikertzaileak. (Ikerbasque)

Osakidetzako Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutua ikerlanean parte hartzen ari da, Londresko Unibersity Collegeko ikertzaileen ondoan. Jakinarazi duenez, azterlana “Nature Communications” aldizkarian argitaratu da, eta horren emaitzek ateak irekitzen dituzte mitokondrietan «aldaketa horietan jatorria duten gaixotasun jakin batzuen garapena kontrolatzeko».

Ohar batean azaldu dute organo horiek «zelulen energia fabrikak» direla. Gogoratu dutenez, zelula batek ehunka mitokondria ditu eta horietako bakoitzak DNA molekula batzuk ditu. Funtsezkoak dira, beraz, funtzio zelularrerako eta giza gorputzerako. Molekula horietan mutazioak gertatzen direnean, «gaixotasun suntsitzaileak» sortzen dira. Lotura estua dute, era berean, «zahartze prozesuarekin».

Energia lapurtzen dute

Gaitz horietarako egungo tratamenduak «sintomatikoak dira», ez baitago terapiarik DNA mitokondrialeko gaixotasunak dituzten pertsonentzat, eta horietako askok «DNA mitokondrial mutantearen eta DNA normalaren nahasketa dute».

Orain, ikerketa berri honek erakusten du mitokondrio akastunek «energia eta beste baliabide batzuk lapurtzen» dituztela gainerako zelulatik, eta, beraz, «parasitoak bezala jokatzen dute». Aldi berean, molekula batzuk identifikatu ditu, ‘mutanteak’, «purgatzeko" gai direnak, zelulak DNA normala kontserbatzeko.

Ildo horretan, Ian Holt Ikerbasque zentroko (ISS Biodonostia) ikertzaileak azaldu duenez, ikerketak «mantenugaiak manipulatuz ikerketa eremu berri bat irekitzen du: DNA mitokondrialaren metabolismoaren erregulazioa, eta, beraz, energia mitokondrialaren eta funtzio zelularraren ekoizpena».

Ikerketa honek zahartzearen azterketan ere eragina izango duela aurreratu du; izan ere, zahartu ahala, pertsonek mutazioak metatzen dituzte DNA mitokondrialean, eta energia-ekoizpena murriztu egiten da.

«Bi fenomeno horiek manipulatu egin litezke nutrienteen eskuragarritasuna doituz, bizitza-luzera handitzeko eta, batez ere, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko», azpimarratzen dutenez.