GAUR8

Zabalik dago Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioan parte hartzeko izen-emate epea

Otsailaren 28ra arte zabalik egongo da Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioan izena emateko epea. 12 eta 18 urte bitarteko ikasleei eta haien irakasleei zuzenduta, zientziarekin lotutako proiektuak protagonista dituen ekimenak 300 ikertzaileren partaidetza izango du aurten.

Bilbon udaberri aldean ospatzen den Elhuyar Zientzia Azoka, artxiboko irudian.
Bilbon udaberri aldean ospatzen den Elhuyar Zientzia Azoka, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Elhuyarrek zientzia eta teknologia proiektuak garatzeko gonbita luzatu die Euskal Herriko 12 eta 18 urte bitarteko gazteei eta beren irakasleei, egitasmo horiekin Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko animatuz.

«Euskal Herriko ikastetxe guztiak daude gonbidatuta parte hartzera, DBHko eta Batxillergoko gazteekin», azaldu du fundazioak ohar batean. Zehaztu duenez, otsailaren 28ra arte zabalik egongo da izena emateko epea. Datuak webgunean eman behar dira, eta bertan eskuragarri daude azokaren inguruko xehetasun guztiak eta baldintzak.

Lehen ediziotik honainoko ibilbidean ia 7.000 proiektu teknologiko egin eta 720 lan inguru aurkeztu dituzte ekaina aldean Bilbon ospatu ohi den azokan.

Gogoratu dutenez, gazteek eurek erabakitzen dute gaia. Asmoa da «talde lanean, galdetzea, ikertzea, diseinatzea, eraikitzea, partekatzea eta esperientzia berriak bizitzea», ikerlana edo teknologia proiektua bat sortuz eta garatuz.

300 ikertzaile, bidelagun

Azokaren 10. edizioa ekainaren lehen asteburuan ospatuko da Bilbon. Aurtengo hitzorduari begira aurreratu dute jada 301 ikertzailek eman dutela izena, gazteen ondoan aholkulari gisa aritzeko. Ikertzaile horietatik, %52 emakumeak dira, %47 gizonak eta ez-bitarrak gainerakoak.

Elhuyar Fundazioak nabarmendu dutenez, esperientziak zientzia eta teknologia arloetako benetako profesionalak ezagutzeko parada emateaz gain, prozesu osoan ondoan bidelagun izango dituzte.

Ekimenak Lakuako eta Nafarroako gobernuen laguntza du, baita FECYT-ena (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnologia), Bilboko Udalarena, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Erabi-rena ere, eta euskal uninbertsitate, ikerketa zentro nagusi eta Euroeskualdearekin lankidetzan antolatzen da.