GAUR8

Irudi berria eta garaiko oroimenen kutxa bat, Elhuyarren 50. urteurrena ospatzen hasteko

Aurten 50 urte beteko dira zientzia euskaraz lantzeko helburuarekin Elhuyar Fundazioa jaio zenetik, eta urteurrenaren harira hainbat ekimen izango dira hurrengo hilabeteetan zehar “Elhuyar, 50 urte aurrerago” lelopean.

Jon Abril Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia Usurbilgo egoitzan, artxiboko irudian.
Jon Abril Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia Usurbilgo egoitzan, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Elhuyar Fundazioak 50 urte betetzen ditu aurten, eta horren harira izango diren ospakizunen inguruko zenbait zertzelada aurreratu ditu. Azaldu duenez, elementu berri bi izango dira: ekimen guzti horiei lotura emango dien irudi berri bat sortu dute, eta hurrengo belaunaldiei zuzendutako ekimen bat jarriko dute abian.

Ideia da hurrengo hilabeteetan izango diren ospakizunetan eta ekitaldietan jasotako lekukotzak, objektuak eta oharrak gordetzea. Horretarako, ‘Elhuyar 50 kutxa’ izeneko ontzia sortu dute, eta garaiko kronika osatuko duten elementuekin beteko da, «2072ko herritarrek gure herriaren garai honen lelukotza bat izan dezaten».

Asmoa da kutxa horretan «zientzia-aurkikuntzak, gizarte-gogoetak, klima, pandemia, euskal gizarteko eta mundu zabaleko berriak edota artelanak» jasotzea.

Ospakizunen egitarauari dagokionez, bere lan esparru guztiekin lotura izango duten ekitaldiak diseinatzen eta antolatzen ari dela aurreratu du Elhuyarrek.

Ekitaldi nagusia azaroan izango da, eta «jai-giroko ikuskizuna» izango dela aurreratu dute, «Elhuyarren komunitatea osatzen dugun kide, lankide, bazkide, harpidedun, babesle eta bestelako laguntzaileekin eta euskal eragile eta ordezkariekin batera ospatzeko».

Larunbatero biltzen zen euskaltzaleen talde hura

Elhuyarren hasiera une haietara itzulita, Donostiako Goi Mailako Ingeniaritza Eskolako euskaltzale talde bat gaztelaniaz ikasitakoa euskaraz lantzeko larunbatero biltzen zela gogoratu dute. «Talde hark kultura-elkarte egitura hartu zuen gerora, eta 2002an fundazio bihurutu zen», oroitu dutenez.

«Ordutik etengabe aritu da lanean Elhuyar, zientzia ez ezik, hizkuntza-zerbitzuak, adimen artifiziala, hizkuntza-teknologiak eta gizarte-aholkularitzako zerbitzuak eskainiz eta euskara garatuz, honako helburu honekin: euskaratik, teknologiaz eta ezagutzaz baliatuz eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraikitzea», azpimarratu du ohar batean.

Egun bi egoitza ditu fundazioak: Usurbilen, nagusia, eta bigarren bat Durangon. Egun ehun kidek osatzen dute lantaldea, eta lan ardatz nagusiak «euskara modernitatera eramatea, euskalgintza zientziarekin eta teknologiarekin lotzea edota sistema berritzaileak erabili eta industriara eramatea» dira, bestea beste.