GAUR8

Adineko pertsonen etxebizitzetan suteak prebenitzeko diru partida bideratu dute Trapagaranen

Traparango Udalak 13.245 euroko partida bideratuko du adineko pertsonen etxeetan suteak prebenitzeko sistemak instalatzeko. Martxan dauden ke-detektagailuen funtzionamendu egokia berrikusteaz gain, sute arrisku fokuak identifikatu eta ebakuazioa errazteko neurriak aurreikusten dit ekimenak.

Ke-detektagailuak berrikusteaz gain, arrisku fokuak aztertzea eta ebakuazioa erraztea dira ekimen berriak kontuan hartuko dituen neurriak.
Ke-detektagailuak berrikusteaz gain, arrisku fokuak aztertzea eta ebakuazioa erraztea dira ekimen berriak kontuan hartuko dituen neurriak. (Trapagarango Udala)

Trapagarango Udaleko Gizarte Ekintza eta Berdintasun Sailak adineko herritarren etxeetan suteak prebenitzeko sistemak instalatzen laguntzeko diru partida egokitu du. Gehienezko aurrekontua 13.245 eurokoa da, herrian erroldatuta egon eta bakarrik bizi diren edo 75 urtetik gorako beste pertsona batekin bizi diren 80 urtetik gorako herritarrentzat.

Prestazioa, gainera, «egoera sanitario, sozial edo psikologikoagatik hala eskatzen duten» beste pertsonei zabal daitekeela zehaztu dute.

Diru partidarekin, aurreko urteetatik martxan dauden sute-detektagailuen mantentze-lanei egin nahi diete aurre. Zehaztu dutenez, egun 363 ke-detektagailu daude instalatuta udalerriko adinekoen etxebizitzetan.

Udal iturriek azaldu dutenez, arrisku-kolektibo batean sute arriskuak minimizatzea da helburua: «horretarako, etxe seguruagoak jarri beharko dira, etxebizitzetan sute arrisku fokuak identifikatuz, sute baten aurrean erreakzionatzeko denborak murriztuz, kea detektatzeko gailuak jarriz edo dagoeneko instalatuta dauden aparatuak berrikusiz eta pila edo bateriak berrituz, eta bizilekuen ebakuazioa erraztuz».

Arrisku fokuei buruzko txostenak

Udalak bultzatutako ekimenak atal ezberdinak izango ditu. Alde batetik, sute-arriskuen fokuei buruzko txostenak egingo dituzte, etxebizitzaren beharren arabera beharrezko ke-detektagailuak jarriko dituzte, eta ebakuazioa errazteko beharrezkoa den etxebizitzaren krokisa egingo dute, baita «eraikinarena eta ingurunearena» ere, beharrezko ikusten den kasuetan.

Gailuak jada instalatuta dauden etxebizitzei begira, asmoa da dauden ke-detektagailuak berrikustea, funtzionamendu egokia duten egiaztatzeko, eta artekak garbitzea, eta pila edo bateria berriztea, hala badagokio.

Era beren, arrisku-fokuen bilakaeraren gaineko balorazioa egingo dutela zehaztu dute.