GAUR8

Urtean bitan eguzkiak Anbotoko begietan eragiten duen fenomenoa azaltzeko hitzaldia

Arrazolan gertatzen den fenomenoari buruzko hitzaldia eta behaketa antolatu ditu Gerediaga Elkarteak, martxoaren 6rako. «Eguzkiak urtean birritan Anbotoren begiak zeharkatzen ditu eta Arrazolako San Roke ermita argitzen du»; zergatik, zelan eta noiz galderei erantzun nahi die hitzorduak.

Anbotoko gailurreria, irudian.
Anbotoko gailurreria, irudian. (Gotzon ARANBURU)

Gerediaga Elkarteak Arrazolan gertatzen den fenomeno astronomikoari buruzko hitzaldia antolatu du martxoaren 6rako. Ohar batean azaldu duenez, fenomenoa aztertu duen Jorge Hernandez ikertzaileak eskainiko ditu azalpenak, 2020an “Astola” urtekarian argitaratu zuen ikerlanaren emaitzetan oinarrituta.

Aipatutako fenomenoa urtean bitan ematen da, eta zehaztu dutenez, une horietan «eguzkiak Anbotoren begiak zeharkatzen ditu (Bentanetan eta Azkilar) eta Arrazolako San Roke ermita argitzen du».

Hitzaldiak «zergatik, zelan eta noiz» galderak argituko dituela aurreratu du Gerediaga Elkarteak. Gaztelaniaz izango da, 13.00etan, Arrazolako elizan. Ondoren behaketa egingo da San Roke baselizan, «eguzkiak Azkilar begia zeharkatzen ikusteko».

Doakoa izango da izen ematea, eta «betaurrekoak eta ‘Astola’ urtekariaren alea bost eurotan eskuratzeko aukera» emango dute, gerediaga@gerediaga.eus helbide elektronikora idatzita edo elkartearen telefono zenbakira deituta.

Istorioarekin liluratuta

Bentanetan eta Azkilar izenekin ezagutzen dira Anbotok dituen bi «begiak». Hernandezek ‘Astola’-n idatzitako artikuluan hainbat datu zientifiko bildu ditu, eta inguruko bizilagunekin hitz egin du lana burutzeko. Azaltzen duenez, lagunen bitartez ezagutu zuen «urteko uneren batean eguzkiak begi horiek zeharkatu eta Arrazolako San Roke baseliza argitzen duela».

«Zeruko objektuek eta haien mugimenduek kulturak nola inpregnatzen dituzten interesatzen zitzaidan astronomo gisa, istorio horrek liluratu egin ninduen», kontatu du fenomenoa ikertzeko bultzadaz. Hiru urte eman zituen azterlanean.