GAUR8

BBK Udalekuek 900 plaza eskainiko dituzte uda honetan

Pandemiaren ondorioz bi urtez etenda egon ondoren, bueltan dira BBK Udalekuak Busturialdean. Izena emateko epea zabalik dago jada. Guztira 900 plaza daude, eta klimaren aldaketaren aurreko sentsibilizazioa landuko dute euskaraz eta ingelesez egingo diren egonaldietan.

BBK Urdaibai Zentroa, Sukarrietan.
BBK Urdaibai Zentroa, Sukarrietan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Azken bi urteetan ezin izan dira egin osasun egoeraren ondorioz, baina aurten udalekuak berreskuratzeko garaia heldu da eta BBK-k antolatutako hauek hainbat berrikuntzekin datoz.

Hasteko, ingurumenaren zaintza ekainaren 27tik uztailaren 30era bitarte izango diren egonaldien gai zentrala izango da.

Ohar batean azaldu dutenez, programa zabal eta askotariko horren barruan, BBK Urdaibai Zentroa «klima aldaketaren aurka sentikortu eta kontzientziatzeko eta ingurumenarekiko begirunea sustatzeko gunea» izango da udalekuek iraun bitartean.

Asmoa da «modu ludikoan eta modu kooperatiboan» planeta zaintzen ikastea, eta ildo horretan «garapen jasangarrirako helburuak jarduera horien epizentroan» izango direla aurreratu dute.

Hizkuntzari dagokionez, beste berrikuntza bat dago, aurtengo egonaldietan euskara eta ingelesa uztartuko baitituzte komunikazio-hizkuntza gisa.

Martxoaren 1ean zabaldu dute izena emateko epea, eta guztira 900 plaza dira Bizkaiko familiei eskaintzen zaizkienak. Izen-emate epea martxoaren 23ra arte egongo da zabalik “BBK eta ZU” atarian.

Deialdia 2009 eta 2015 urte artean jaiotako adingabeei zuzenduta dago (7 eta 13 urte bitarteko umeentzat) eta astelehenetik larunbatera arteko bost txanda izango dira aurten eskaintzen direnak. Egonaldirako kuota 210 eurokoa da.

Jasangarritasuna eta gastronomia

Udalekuen programaren barruan, jasangarritasunaren aldeko apustua eredu gastronomikoan ezarriko dela aurreratu dute, inguruko ekoizleen elikagai osasuntsuen erabilerari lehentasuna emanez. Horrekin lotuta, koipe asko duten frijitu eta jaki elaboratuak saihestu eta haurrek hurbileko lehengaiekin prestatutako jakiez gozatuko dutela zehaztu dute.

Lehen txanda ekainaren 27tik uztailaren 2ra izango da, eta uztailaren 23tik 30era artekoa izango da azkena.