GAUR8

Unibertsitatea eta lanbideak erakusten dituen EGOkITU programan izen-ematea ireki dute

EHUko Gipuzkoako campusak garatzen duen EGOkITU programak 15 eta 17 urte arteko gazteak hartuko ditu udan, edizio berri batean. Unibertsitate-mundura eta lanbideetara hurbiltzea da ekimenaren helburua, eta esperientzia bizi duten ikasleek ikasketak aukeratzeko bide ona izan daitekeela diote.

Udako campuseko galeriako irudi bat.
Udako campuseko galeriako irudi bat. (Nagore IRAOLA | EHU)

EHUk EGOkITU udako campusaren edizio berri bat jarri du martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, 15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Asmoa da «unibertsitate-mundura eta, ondorioz, enpresa mundura modu ludikoan hurbiltzea», eta aurten Osasun Zientzien ikastaroa izango du, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eskutik.

Osasun zientziekin lotutako ikastaro horretan, Donostia Unibertsitate ospitalea bisitatuko dute, eta hainbat profesionalen esperientziak ezagutu ahal izango dituzte. Arkitektura, informatika, ingeniaritza, zuzenbidea edota kriminologiaren inguruko jarduerak ere izango dira. Horren ondorioz, saioak Gipuzkoako Campuseko zazpi ikastegietan izango dira.

Bultzatzaileek nabarmendu dute campusa «oso modu ludikoan» lanbideetara hurbiltzeko aukera bat dela. «EGOkITUn parte hartzen duten gazteak maketak egiten, galdera-jokoekin ikasten, scape room bati irtenbidea bilatzen edo misterioak ebazten arituko dira. Horrekin guztiarekin unibertsitatea eta esperientzia profesionalak ezagutuko dituzte», azaldu du Aimar Insausti EHUko Gipuzkoako Campuseko Ekintzailetza eta Transferentzia saileko zuzendariak.

“Campusa” agerkarian, udako programa horretan parte hartu duten zenbait lagunen iritziak jaso dituzte. Ikasketen inguruko orientaziorako duten balioa azpimarratzen dute, baita ekimenaren formatua ere, formatu ludikoan azpimarra jarriz.

Insaustik esan duenez, ekimenaren helburua bikoitza da. «Alde batetik, gazteei lanbideen errealitatea ezagutzen lagundu nahi diegu, hainbat lanbide-eremutako lanbideak eta bizimoduak nolakoak diren probatzeko aukera emanez»; bestalde, DBHren amaieran edo Batxilergoaren hasieran dauden ikasleek unibertsitatea barrutik ezagutzeko aukera dute.

Udako campusean enpresen partaidetza nabarmendu dute, «egunerokoan erabiltzen dituzten ezagutzak eta ikerketak» irakatsiko dizkiete, «lanbide horietan unibertsitate-ikasketak nola erabiltzen diren azalduz».

Izen-ematea, ekainaren 3ra arte

EGOkITU programa 2005 eta 2007 urteen artean jaiotakoei zuzenduta dago, eta bi txanda izango ditu, lehenengo bat ekainaren 27tik uztailaren 1era, eta bigarren bat uztailaren 4tik 8ra. Aste bateko jarduerak 100 euroko kostea du, eta 180 eurokoa bi astekoak. Jarduerak goizeko ordutegian izango dira, 9.30ean hasita eta 14.00etara, eta zehaztutakoaren arabera, campuseko jantokiak irekita egongo dira programa garatzen den egunetan.

Izena emateko epea ekainaren 3an itxiko dute. Datuak aste honetan eman daitezke, eta parte hartzeko beharrezko informazioa dago eskuragarri.