GAUR8

Habia-kutxen historia kontatzen duten irudien erakusketa jarri dute EHUn

EHUko Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan, Joseba Cruz de Vicente naturalista donostiarraren «30 años con cajas-nido» erakusketa zabaldu dute. Bilduman argitaragabeko argazkiak daude, baita esan gabe naturaren kontserbazioari lotuta doazen mezu argiak ere.

Habia-kutxei buruzko erakusketa.
Habia-kutxei buruzko erakusketa. (EHU)

Apririlaren 28ra arte, EHUko Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan, habia-kutxek bete duten funtzioa islatzen duten argazkien erakusketa bisitatu aha izango da. “30 años con cajas-nido” izeneko proposamenak Joseba Gurutz de Vicente naturalista donostiarrak egindako argazkiak biltzen ditu, naturaren edertasuna erakutsiz eta babestearen garrantziari buruzko hausnarketa plazaratuz.

De Vicentek berak azaldu duenez, habia-kutxa horiek hainbat espezieren babesleku izan dira hamarkadetan zehar. «Gure inguruko hegazti askok zuhaitz zaharren zuloetan egin dute habia. Basoak suntsitzearen eta ehun urteko zuhaitzak moztearen ondorioz, ikazkinak, errementariak, igokari urdinak eta karaboak, beste espezie askoren artean, bizitzeko habitat bat gabe eta hazteko, atseden hartzeko eta eguraldi txarretik babesteko aterperik gabe geratzen dira», azaldu du.

Gogoratu duenez, habia-kutxa xume horiek sortzea, jartzea eta mantentzea funtsezkoa izan da espezie horientzat. «Izan ere, zuhaitz zaharrik ez dutenez, zailtasunak dituzte habiak egiteko zuloak aurkitzeko», erantsi du.

Gogoratu dute «naturarekiko errespetu eta zaletasunagatik, proiektu honen zuzendariak, pertsona fisiko eta juridiko askoren laguntzarekin», 30 urte daramatzala «gure inguruko berdeguneetan hegazti intsektujale eta gaueko harraparientzako habia-kutxak jartzen eta mantentzen».

Ingurumenaren kontserbazioa helburu duten hainbat ekimenetan parte hartu duen donostiarrak habia egiteko kutxek animalia askoren biziraupena bermatzeko izan duten balioa azpimarratu du.

Erakusketan, argazki handietan «gure inguruko fauna basatiaren argazki argitaragabeak» ikus daitezkeela aurreratu dute. Sarrera librea da, aretoa goizeko 8.00etatik arratsaldeko 20.30era dago zabalik, astelehenetik ostiralera, eta 9.00etatik 14.00etara, larunbatetan.