GAUR8

Santurtziko liburutegiek azoka solidario bat prestatu dute Liburuaren Eguna ospatzeko

Santurtziko liburutegi sareak hainbat jarduera prestatu ditu Liburuaren Eguna dela eta. Hauen artean, datorren ostiraletik apirilaren 26ra arte izango den azoka solidarioa eta haurrei zuzendutako tailerrak eta ipuin-kontaketak daude.

Programa
Programa (Santurtziko Udala)

Apirilaren 23an ospatuko den Liburuaren Eguna dela eta, Santurtziko Liburutegi Sareak literaturarekin eta liburuekin zerikusia duten hainbat ekitaldi eta jarduera prestatu ditu, txikiei eta helduei zuzenduak. Apirilaren 22tik 26ra bitarteko agenda prestatu dute, udalerriko hainbat toki eta kultur etxetan.

Hala, hilaren 23tik 26ra bitartean Liburuaren III. azoka egingo da Juan Jose Mendizabal plazan. Azaldu dutenez, honen diru-bilketa STZ Gosearen Aurkako Solidarioak elkarteari bideratuko zaio. Liburutegiaren ondoan izango da, 11.30etik 13.30era eta 17.00etatik 20.00etara. Itsazain Ortolatxipi Kultura eta Euskara zinegotziak zehaztu duenez, salgai jarriko diren liburu guztiak biblioteken erabiltzaileen dohaintzetatik datoz.

Aurretik, apirilaren 22an, ostiralean, helduentzako ‘Ajuste de cuentos’ ipuin-kontaketa egingo da, Virginia Imazen eskutik, Mamariga Kulturgunean, 18.00etan.

Haurrentzako jarduerak

Hilaren 23an bertan, San Jorge egunean, haurrentzako ‘Irakurketa-zurrupada’ izeneko eskulan-tailerra egongo da, 11.30etik 12.30era, Juan Jose Mendizabal plazan. Egun bat geroago, igandean, leku berean eta ordutegi berarekin, zurezko jolas-saio bat egingo da.

Liburutegi nagusian, astelehenean, hilak 25, haurrentzako ipuin kontaketa bat egingo da, ‘Teresa printzesa’, Sorgina Txirulinaren eskutik, 17.30ean, liburutegiko haurren atalean.

«Urte osoan zehar, jarduerak egiten ari gara udalerriko kultur gune ezberdinetan, adin guztientzat eta gai ezberdinekin. Oraingo honetan ospakizuna bultzatu nahi izan dugu, egiten ari garenaren osagarri diren jarduerekin, kalera ateraz, aire zabalean, gure herriaren patroia den egun honi protagonismo handiagoa emateko», adierazi du Kultura eta Euskara zinegotziak.