GAUR8

Ingurumenarekin lotutako aurrerapen zientifikoak herritarrei hurbiltzeko jarduerak, «Green Week» programan

EHUk antolatuta, hainbat jarduera izango dira ostiraletik aurrera Euskal Herrian ingurumenari eta ozeanoei buruzko aurrerapen zientifikoak herritarrei hurbiltzeko. Tailerrak, hitzaldiak eta irteera geologiko bat iragartzen dira, besteak beste.

Klimaren eta ingurumenaren aldeko aste berdea ospatuko du EHUk. Irudian, kostaldea Sopelan.
Klimaren eta ingurumenaren aldeko aste berdea ospatuko du EHUk. Irudian, kostaldea Sopelan. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

EHUk antolatuta, hainbat jarduera izango dira egunotan klimaren eta ingurumenaren aldeko “Green Week” (aste berdea) izeneko programaren baitan. Asmoa da Euskal Herrian ingurumenari eta ozeanoei buruz lortutako aurrerapen zientifikoak herritarrei hurbiltzea, bi data esanguratsu gogoan hartuta: Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, ekainaren 5ean; eta Ozeanoen Nazioarteko Eguna, hilaren 8an.

Lehen proposamenak ostiral honetan bertan ospatuko dira. Leioa-Erandio eremuan, manifestu baten irakurketarekin abiatuko dira ekitaldiak, eta besteak beste hamaiketako zientifikoa eta kutsadura ikusezina protagonista dituen «scape room» bat izango dira.

Bilboko San Frantzisko auzoan, bestalde, “Zientzia ßlai” ekitaldia ospatuko da LOGOS elkartearekin lankidetzan. Hika Ateneon dibulgaziozko hainbat hitzaldi ospatuko dira 18.00etatik aurrera hiru adituren eskutik: Elisa Sainz de Muruaga, Jorge Hernandez, Nerea Zuluaga eta Goiuri Alberdi. Sarrera doakoa izango da.

Irteera geologikoa Bilboko Itsasadarrean

Larunbatean, irteera geologikoa egingo dute goizean, Mariaren Bihotzatik abiatuta. Adituek San Frantzisko inguruan eta Bilbo Zaharrean, Bilboko Itsasadarraren eta eremu historikoaren testuinguru geologikoa eta industria eta meatzaritzaren eraginaz hitz egingo dute. Guztira 30 lagunentzako lekua egongo da, beraz aldez aurretik egin behar da erreserba logoselkartea@gmail.com helbidera idatziz.

Arratsaldean aztarna ekologikoa izango da Bilborocken izango den tailerraren protagonista. «Aditu batek gure eguneroko jarduerek ingurumenean duten eragina azalduko du, eta hura nola kuantifikatu eta gure karbono-aztarna nola arindu» azalduko du.

Bilboko Itsasmuseum-en, halaber, erakusketa gune bat inauguratu dute hilaren 5ean,  “Océanos, una diversidad amenazada” aire zabaleko erakusketa zabalduz.

Hurrengo asteko egitarauari dagokionez, asteazken eta ostegunean planetaren mugei buruzko hainbat hitzaldi ospatuko dira, erakunde ezberdinetako adituen eskutik. Asteazkenean, bi saio beteko dituzte solasaldi horiek, goizekoa, 9.00etatik 13.00etara, «klima-aldaketa, biosferaren osotasuna eta ozeanoen azidotzea» aztertzeko; eta arratsaldez, 15.00etatik 20.00etara, «ur gezaren erabilera, aldaketak lurzoruaren erabileran eta fluxu biogeokimikoak» aztertzeko.

Hitzaldien hirugarren saio bat izango da ostegunean, goizean, lau gairen inguruan: “Ozono estratosferikoa murriztea. Aerosolak kargatzea. Erakunde berriak sartzea eta Iraunkortasunerako gizarte-ekintza».