GAUR8

Eguneroko gauzen atzean dagoen zientzia azalduko du erakusketa ibiltari batek

Eguneroko bizimoduan erabili ohi diren gauza arrunten atzean dagoen zientzia bistaratzen duen erakusketa ibiltaria inauguratu dute EHUko Leioako Campusean. Hurrengo hilabeteetan hirietan ere ikusgai izango da. Hamaika infografia dira, eta QR kodearen bidez eskura daitezke.

«Zientzia kalean» erakusketa osatzen duen infografietako bat, irudian.
«Zientzia kalean» erakusketa osatzen duen infografietako bat, irudian. (EHU)

Egunerokoan erabili ohi ditugun gauza arrunt horiek duten formulazio zientifikoa azaltzen duen erakusketa ibiltari bat inauguratu dute EHUko Leioako Campusean. «Telefono mugikorraren, ogiaren, garagardoaren eta egunero erabili ohi diren beste elementu batzuen atzean dagoen zientzia» herritarrei bistaratzea da asmoa, ekimenaren antolatzaileak diren EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoak azaldu dutenez.

Zientzia eguneroko bizimoduan inguratzen gaituzten gauza guztietan txertatuta dagoela erakusteko zenbait adibide bildu dituzte euskaraz eta gaztelaniaz egindako 11 infografiatan. Bildumak “Zientzia Kalean” du izena, eta ibilbide luzea izango duela aurreratu dute, zientzia herritarrei hurbiltzeko helburua jarraituz. Zehaztu dutenez, buelta eman nahi zaie dibulgazioko ohiko bideei, eta zientziarekin lotutako ekitaldietara gerturatu beharrean, ezaguera zientifikoa kaleetara eraman.  

Hiri-erakusketaren ibilbidea Leioako Campuseko zelaigunean kokatua dago eta hiru astez egongo da bertan, klimaren eta ozeanoen aldeko Green Week-en programazioarekin bat eginez, eta «irailaren 30ean Bilbon egingo den Ikertzaileen Europako Gauari aurrea hartuz».

Udazkenean, hirietan

Irailean Bilboko kaleetara jaitsiko da erakusketa, Euskalduna Jauregiko zabalgunean kokatzeko. Ondoren, EHUko Ingeniaritza Eskolaren inguruetan izango da, baita Areatzako zabalgunean ere, eta Bizkaiko egonaldia bukatutakoan Gasteizen eta Donostian ikusi ahal izango da.

Infografiak NorArte Ilustrazio zientifikoko estudioak egin du, EHUko eta Nafarroako Unibertsitateko aholkularitza zientifikoarekin, eta panel bakoitzean dagoen QR kodearen bitartez eskura daitezke.