GAUR8

Meteoritoen bilduma handi bat erori da Arabako Zientzia Museoan

Meteoritoak Arabako Zientzia Museoaren protagonistak izango dira urte osoan zehar, jabetza pribatuko bilduma bati esker. Ehun ale baino gehiago daude ikusgai, eta haien artean duela 4.000 urte izandako meteorito euri handiaren ondorioz agertutako 600 kiloko bat.

Metoritoei buruzko erakusketaren inaugurazioa.
Metoritoei buruzko erakusketaren inaugurazioa. (Arabako Foru Aldundia)

Arabako Zientzia Museoak meteoritoen erakusketa bat izango du urtebetez, Europako bilduma pribatu garrantzitsuenetako bati esker. Bilduma José Vicente Casadoren jabetzakoa da eta horri Arabako Museoaren aleak gehitu zaizkio. Meteoritoen eta beste material batzuen ehun ale baino gehiago ikus daitezke.

Antolatzaileek azaldu dutenez, erakusketa Europako bilduma pribatu garrantzitsuenetako bati esker osatu da. Arabako Foru Aldundiko ordezkariek nabarmendu dutenez, «aparteko erakusketa bat da, multzo esanguratsu bat biltzen baitu».

«Erakusketak historiaurreko tresnak ditu, basamortuko hareen gainean meteoritoek izandako inpaktuaren ondorioz sortutako beirekin eginak, bai eta Egiptoko hileta daga baten erreplika ere, zeinaren orria burdina meteorikoarekin egin baitzen, hau da, gizateriak ezagutu zuen jatorrizko lehen burdinarekin», zehaztu dute.

Nabarmentzekoa da, bestalde, daukan tamainagatik, egun Estatu espainolean ikus daitekeen «meteoritorik handiena». “Zeruko Zelaia” izenekoa da, 600 kiloko pisua du eta Argentinako iparraldean duela 4.000 urte eroritako meteorito euri handiaren ondoriozko milaka zatietako bat da azaldutakoaren arabera

Lurraren historia ulertzeko azter daitezkeen lehorreko arrokarik zaharrenak 3.000 milioi urte ingurukoak direla gogoratu dute.

Komunitate zientifikoarentzat funtsezkoa da meteoritoak aztertzea, Lurra zer materialez egin zen ulertzeko. «Gaur egun, haren nukleoa osatzen duten materialak ikusteko eta aztertzeko modu bakarra da eta zunda espazialak oraindik iritsi ez diren beste planeta batzuen konposizioa aztertzeko modua ere bada», erantsi dute.