GAUR8

Danimarkako Georg Stage eskola-ontzia Bilboko uretan dago eta doan bisitatu daiteke

Itsasmuseumaren kaian, Carola garabiaren aurrean porturatuta, 54 metroko eslorako Georg Stage eskola-ontzia Bilbon egongo da larunbatera arte. Ostegunera arte 1934. urteko belaontzia bisitatzeko aukera izango da, doan.

George Stage belaontzi daniarra 1934. urtekoa da.
George Stage belaontzi daniarra 1934. urtekoa da. (Bilbo Itsasmuseum)

Georg Stage eskola-ontzia danimarkarra Bilboko Itsasmuseumaren kaian dago atzotik. 1934. urteko fragata ikusgarriak 54 metro luzera du eta 8,5 metroko zabalera, eta interes handiko ontzia da. Bilbon dagoen bitartean bisitaldiak jasoko ditu hiru egunetan zehar.

Bilboko museoko iturriek zehaztu dutenez, ostegunera (hilak 8) arte egongo da itsasontzia ikusteko aukera, bi saiotan: 15.00etatik 17.00etara eta 18.00etatik 20.00etara.

Bilbon lehorreratu den azken belaontzi honen inguruan gogoratu dute 1934. urtean ureratu zutela. Danimarkako Federikshavn Shipyardeko ontziolan sortua, aurreko beste Georg Stage bat izan zen, 1882. urtekoa, eta itsasgizon gazteak irakasteko bakarrik erabiltzen zen lehenengo itsasontzietako bat bihurtu zen.  

Dirudienez, Frederic Stage armadore daniarrak eta bere ematzeak belaontzi hau eraikiarazi zuten George 22 urteko semearen omenez, «horrela proiektu filantropiko bati ekin zioten, beren semeak bezala itsasoa maite zuten gazteei laguntzeko».

Bisiten programa ostegunean ixten bada ere, belaontziak Bilbon jarraituko larunbatera arte. Iragarritakoaren arabera, tripulazioa 10.00ak aldera abiatuko da nabigazio formakuntzarekin jarraitzeko.

Georg Stage ez da uda honetan Bilbo bisitatzen duen interes kultural handiko ontzi bakarra. Ekainean, Galeon Andalucia eta uztailean, Shtamdart izan ziren Bilboko uretan, Itsasmuseumeko Belaontzi Handien Programaren barruan.