GAUR8

Abian da MusEkintza, arte-diziplina ezberdinetako emanaldi sorta Bizkaiko leku historikoetan

Hurrengo ekainera arte helduko den programazio berri bat jarri du abian MusEkintzak, Bizkaiko museo eta leku historikoetara arte-diziplina ezberdinak eramanez. Eszenatoki berriak daude eta esperientziak girotzeko proposamen berriak.

MusEkintzaren bigarren edizioa ekainaren 24an bukatuko da Santimamiñen, «Ez da kasualitatea» bertso emanaldiarekin.
MusEkintzaren bigarren edizioa ekainaren 24an bukatuko da Santimamiñen, «Ez da kasualitatea» bertso emanaldiarekin. (Bizkaiko Foru Aldundia.)

Zinema, antzerkia, musika, ilustrazioak, poesia, eskultura, moda, bertsoak eta hainbat dantza-estiloko emanaldiek osatzen dute MusEkintza programaren edizio berria.

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, museo eta toki historikoak izango dira hamar hilabeteetan zehar ospatuko diren emanaldi sorta horren eszenatokiak.

La Encartada fabrika museoa (Balmaseda), El Pobal burdinola (Muskiz), Txakolin Museoa-Txakolingunea (Bakio), Euskal Herria Museoa (Gernika), Arkeologi Museoa (Bilbo), Arrantzaleen Museoa (Bermeo) eta Muñatones gazteluaz gain, aurten lau toki gehiagotan izango dira ikuskizunak: Mariaren Bihotza plazako aztarnategia (Bilbo), Artelan Berreginen Museoa, Europa Parkea (Bilbo) eta Santimamiñe (Kortezubi).

Girotzeko proiekzioak

Edizio berri honetan, gainera, «esperientzia indartzeko», espazio bakoitzera egokitutako argiztapena izango dute emanaldiek. «Argiztapena eta bideoko eta soinuko proiekzio mapatuak erabiliz girotze bat sortuko da, museo bakoitzean egingo den ekitaldi artistikora sartu aurretik ikus-entzuleei lagunduko dien esperientzia bat sortzeko», azaldu dute Foru Aldunditik.

Zehaztu dute, bestalde, ikuskizunetan parte hartzeko aldez aurretik erreserba egin behar dela Diputazioaren webeko estekan. Bertan 2023ko ekainera arte luzatuko den programazio guztiaren xehetasunak daude eskuragarri.

“A vueltas con Lorca” lanarekin zabaldu berri den programak Muskizen du hurrengo emanaldia, hilaren 24an. Egun horretan, “Babo Royal” familia osorako antzezlana eramango du Ganso&Cia konpainiak Muñatones gaztelura, 12.30ean hasiko den saioan.

Horren ostean, urriaren 29an itzuliko da programazioa, Maitane Sarralderen “Desªnuda” dantza garaikide eta esekiko ikuskizunarekin.