GAUR8

Tornado bat jasan ostean, Legaireko pagadiaren erresilientzia aztertzen ari dira

Legaireko pagadiak duela lau urte tornado batek eragindako kalteei nola erantzuten dien ikertzen ari dira adituak. Arboladiaren erresilientzia aztertzen ari dira, lurzoruaren emankortasuna eta arbolen indarra eta hazkundeari erreparatuz.

Legaireko pagadiaren erresilentzia aztertzen ari dira, tornado batek eragindako kalteetatik lau urtera. Tornadoaren osteko paisaia, artxiboko irudian.
Legaireko pagadiaren erresilentzia aztertzen ari dira, tornado batek eragindako kalteetatik lau urtera. Tornadoaren osteko paisaia, artxiboko irudian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Zadorra ibaiaren arroan kokatuta, Legaireko pagadiak tornado baten eragina pairatu zuen 2018. urtean. Horren ondorioz, hainbat kalte jaso zuen arboladiak. Orain, ekosistema hori zenbateraino lehengoratu den aztertzen ari dira adituak.

Tornado hura larritzat sailkatua izan zen, zuhaitz ugari eraitsi baitzituen 40 hektarea inguruko eremu batean, zehaztu du Arabako Foru Aldundiak. Eragin zituen kalteen aurrean, azterlana enkargatu zitzaion UPV/EHUri.

«Zehazki, lantaldea Legaireko pagadiak egokitzeko duen gaitasuna aztertzen ari da, eta basoak kudeatzeko bi aukera alderatzen ditu: unada, eraitsitako zuhaitzak aterata, eta unada, eroritako egurra atxikita», azaldu du Aldundiak.

Proiektuak basoan izandako bilakaera ezberdinak aztertuko ditu, zuhaitz gazte berrien portaera, lurzoruaren emankortasuna eta bizirik atera diren arbolen indarra eta hazkundeari erreparatuta.

Hazien iturri

Lehen fasean dago azterketa, baina behaketan oinarrituta ondorio batzuk aurreratu dituzte adituek. Pago gazteek birsorkuntza naturalean duten papera nabarmendu dute, «hazien iturri bihurtzen» baitira tornadoak jotako eremurik agerikoenetan, «eta horrek zuhaiztia berreskuratzen laguntzen du».

Bizirik iraun duten zuhaitzen kasuan, bestalde, tornadoaren inpaktuen ondoren hazteko erakutsi duten «ahamen handi samarra» azpimarratu dute, horrek mesede egiten baitio ugaltzeko ahalmenari.

Ikerketak, halaber, proposamen batzuk jarri ditu mahai gainean. Planteatu dute, adibidez, haizete gogorrek jotako lekuetan egur erauzketarik gabeko eremuak uztea, «ahal den neurrian, eraginpeko zona osoan modu heterogeneoan banatuta». Horrez gain, bizirik atera diren zuhaitzak errespetatzea proposatzen dute.

Ikerlana Life Urban Klima 2050 proiektuko ekintzen artean dago, 2050erako Klima Aldaketaren EAEko Estrategiaren (Klima 2050) barruan, zehaztu du Arabako Diputazioak.