GAUR8

Bastidan dago nahi gabeko bakardadea prebenitzeko Arabako bigarren eskola

Bastidan zabaldu berri dute nahi gabeko bakardadea prebenitzeko bigarren eskola arabarra, Laudion proiektu pilotua abian jarri eta urtebetera. Emozioak eta komunikazioa lantzea, eta harremanak ehuntzeko espazioa eta baliabideak eskaintzea dira egitasmoaren gako nagusietako batzuk.

Bastidako hirigunea Santa Luziako baselizatik ikusita, artxiboko irudian.
Bastidako hirigunea Santa Luziako baselizatik ikusita, artxiboko irudian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Duela urtebete Laudion martxan jarritako proiektu pilotuaren ondoren Bastida da nahi gabeko bakardadea prebenitzeko Arabak izango duen bigarren eskolaren kokapena.

Bigarren eskola horrek Aiaraldeko proiektua hartuko du erreferentetzat. Izan ere, Bakardadeak izeneko eskola laudioarrak ehun parte hartzaile baino gehiago ditu eta «beharrak baliabideekin lotzen eta ehuntzen dituen eta lan komunitarioa sustatzen duen ehungailu komunitario baten profila lantzen du», nabarmendu dute Foru Aldundiko iturriek.

«Pertsonei beren bizitza modu esanguratsuan eta gogobetegarrian proiektatzeko aukera emango dieten trebetasunak, baliabideak eta motibazioak ikasteko helburuari» erantzun nahi dio egitasmoak. Eskola biek duten jarduera programa «bizia eta askotarikoa» nabarmendu dute bultzatzaileek, eta besteak beste, Agora izeneko ekimena aipatu dute, «pertsonen arteko topaketa eta lotura erraztera bideratuta» dagoena, eta gehien interesatzen zaizkien edukiak eta jarduerako erabakitzeko erabiltzen den gunea.

‘Bizitzaren antzerkia’ tailerra da nabarmendu duten beste jardueretako bat, antzerkia garapen emozionalerako tresna gisa erabiltzen duena. Aukera on bat, «norberaren azalpenean konfiantza irabazteko eta bizitza umoretik ulertzeko», azaldu dutenez.

Programazioan prestakuntza ikastaroak programatzen ari dira, bestalde, komunikazio trebetasunak, adimen emozionala eta egokitzeko gaitasuna ikastera begira.

Datorren urtean, bestalde, bi egitasmo berri aurreikusten dira: beste udalerri batzuentzako lagungarria izan daitekeen bakardadea prebenitzeko eskolak sortzeko gida metodologikoaren aurkezpena, eta «eragin handiena duten gizarte trebetasunen garapenaren inguruan ikasgeletan lantzeko unitate didaktiko bat» aurkeztuko dute.

Izen-emateak telefonoz deituz edo webgunearen bidez egin daitezkeela zehaztu dute.