NAIZ
Gaur X urte

Aldi luze eta ilun baten hasiera: koronabirusa identifikatu zen Wuhanen gaur hiru urte

2020ko urtarrilaren 7an, Txinako Wuhane hirian (11 milioi biztanle) SARS-CoV-2 koronabirusa identifikatu zen. Birusa isolatzea lortu zuten genomaren sekuentziazioa eginda.

Gizon bat PRC proba bat egiten, Wuhanen.
Gizon bat PRC proba bat egiten, Wuhanen. (STR | AFP)

Gaur hiru urte, 2020ko urtarrilaren 7an, Txinako Wuhan hirian (11 milioi biztanle) SARS-CoV-2 koronabirusa identifikatu zen, 2019ko abenduan 27 pertsonatan atzemandako pneumonien eragilea, gehienak itsaski eta animalia-merkatu bateko langileak. Azkar batean mundua etxeratu zuen birusa identifikatu zen orduan, eta genomaren sekuentziazioa egin.

Hasiera batean pentsatzen zen birusa ez zela pertsonen artean kutsatzen eta, beraz, Txinak ez zuen Wuhan itxi 2020ko urtarrilaren 23ra arte, birusak munduari bira eman eta gero. 25 herrialdek aurkitu eta jakinarazi zituzten lehen kasuak urtarrilaren 20tik 31ra bitartean, denak Txinako hiriarekin zuzenean edo zeharka lotutako pertsonengan.

Urtarrilaren 12an, Txinak munduarekin partekatu zuen koronabirusaren sekuentzia genetikoa, kutsatu eta hildakoen kopuruak gorantz egiten zuen bitartean.

Urtarrilaren 20an, koronabirusaren kontrako estrategia aldatu zuen Txinak, mediku talde batek egiaztatu zuenean gaixotasuna pertsonen artean transmititzen zela. Horrela, hiru egunen buruan, Txinako agintariek Wuhan itxi zutela jakinarazi zuten, gaixotasuna zabal ez zedin.

Astebete geroago, 2020ko urtarrilaren 30ean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) nazioarteko larrialdi egoera deklaratu zuen, Wuhaneko infekzio-agerraldia mundura hedatzeko arriskuaren aurrean.